Aurtengo udan toldoak berriro jarriko dituztela hondartzan iragarri du alkateak

Aritz Mutiozabal 2022ko urtarrilaren 21a

Ixidor LarraƱaga, Xabier Txurruka eta Esther Facchin, FITUR azokan. (Zarauzko Udala)

Zarauzko eskaintza turistikoaren berri ematen aritu dira Madrilen, FITUR azokan. Bertan, jakinarazi du udala lanean ari dela bi urte geroago toldoak berreskuratzeko.

Herriko erakargarritasun eta eskaintza turistikoa ezagutzera emateko, Zarauzko Udaleko ordezkariak Madrilen ospatzen den FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izan dira egunotan. Hain zuzen ere, Xabier Txurruka alkatea, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia eta Esther Facchin Turismo Bulegoko zuzendaria presente izan ziren Euskadiren postuaren irekieran. Hain justu ere, bertan aurreratu du aurtengo udan "gure hondartzaren bereizgarri diren" toldoak bueltan izango direlako jakinarazteko.

“Toldoak gure hondartzaren eta herriaren identitate ikur garrantzitsuenetako bat dira, bai zarauztarrontzat, baita Zarauztik kanpo ere, eta azken bi uda hauetan halabeharrez ezin izan dira jarri. Aurten, lanean dihardugu beste behin, gure itsasertza toldoen marra eta koloreek kolorez eta alaitasunez bete dezaten eta, beti bezala, Zarauzkoak, bere osotasunean, Hondartzen Erregina izaten jarrai dezan”, nabarmendu alkateak.

FITUR azokari dagokionez, adierazi du iazko hutsunearen ostean, aurten berriz itzuli direla
bisitariei "Zarautzek eskaintzen dien aukera eta esperientzia aniztasuna indarberrituz azaltzeko”. 
Azoka honek, beste edizio batez, Madrilen batu ditu mundu osoko helmuga turistikoak eta sektoreko enpresa garrantzitsuenak, eta, espazio hori baliatu nahi izan du alkateak toldoen berreskuratzea iragartzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide