Santainesak ospatuko badituzte ere, herri kirol jaialdia izango da bihar arratsaldean Iraetan, eta horren barruan, jada usadio bihurtu den Errota Harri Jasotze Txapelketa ere jokatuko dute. Bost harri jasotzaile ariko dira nor baino nor, tartean, bi zarauztar: Mikel Lopetegi Urra eta Xabat Olaizola. Horiez gainera, Jagoba Otaegi aizarnarrak, Beñat Telleria lasartearrak eta Paulo Azpiazu osintxuarrak ere parte hartuko dute.
Errota Harria 107,2 kiloko pisua duen bola harria da, eta duela bi urte Urra izan zen garaile. Alde horretatik, faborito gisa aterako da biharko lehiara; 17:30ean hasiko da herri kiroletako saioak, Iraetako pilotalekuan. Harri-jasotzeko errokaz gain, Urrezko Aizkolari Txapelketako Eusko Label Sariaren barruan Xabier Zaldua eta Luis Txapartegi Hodei Ezpeletaren eta Jokin Urretabizkaia Basozabalen kontra ariko dira.