Etxean dauka giltza

Aritz Mutiozabal 2022ko urtarrilaren 21a

Ulacia Zast taldeko kideak; ezkerretik hasita, zutik dagoen lehena da Jokin Collantes. (Zast)

Ulacia Zast saskibaloi taldea EBA ligako 14. postuan dago une honetan, eta mailari eustea da bere helburu nagusi. Partidak biribiltzea falta zaio ordea, baitik bat etxean jokatzen duenean.

Ez da denboraldi samurra izaten ari EBA ligako Ulacia Zast saskibaloi taldearentzat. Lehen itzulia osatuta, bigarrenari ekin diote jada –dagoeneko bi jardunaldi jokatu dituzte–, eta sailkapeneko 14. postuan daude une honetan; azken hirugarrenak dira, hain zuzen ere. "Gauzak jarri zaizkigun bezala ikusita, argi dago aurtengo denboraldiko helburu nagusia mailari eustea eta ahalik eta ondoen bukatzea dela", zehaztu du taldeko entrenatzaile Jokin Collantesek.

Orain arte zorte askorik ez dutela eduk dio entrenatzaileak. Partida asko lehiatu dituzte azken unera arte, baina "irabaztea falta" izan zaiela nabarmendu du. "Erronka zaila izango da, baina itxaropentsu gaude". Argi eta garbi utzi nahi izan du. Izan ere, aurten sailkapeneko azken sei talde jaitsiko dira kategoriaz, eta, alde horretatik, jakin badaki egoera konplikatu egin zaiela. "Edonola ere, bukaerara arte saiatuko gara".

Pandemiaren eraginez, iaz ez zen taldeen jaitsierarik izan, baina beheko mailatik igotako taldeak gehitu zitzaizkion EBA ligari. Datorren denboraldiari begira, berriro taldeen kopurua murriztu nahi du federazioak, eta horrexegatik galduko dute maila sei taldek liga amaieran. Iaz 6. postuan amaitu zuen Ulacia Zast taldeak, taularen erdialdean.


"Emaitzak ez dira iristen"

Aurtengo denboraldiari erreparatuta, ligaren maila igo egin dela iritzi dio Collantesek. Horretaz aparte, aurten ez direla partidak biribiltzen asmatzen ari aitortu du: "Borrokatzen badugu ere, emaitzak ez dira iristen. Eta hori gertatzen denean, konfiantza izatea ez da batere erraza. Azken finean, pare bat norgehiagoka irabaztea falta zaigu, taldeak konfiantza har dezan, eta boladari heltzeko". Azken asteetan oso txukun entrenatzen ari direla azpimarratu du, gogoz eta ilusioz. "Garaipenekin hastea bakarrik falta zaigu, orain!".

Sailkapeneko 14.  postuan dago Zarauzko taldea, aurretik dituen Becedo Santander eta Leioa taldeekin 21na punturekin berdinduta; Solares eta Ardoi, berriz, puntu batera du, eta Nissan Grupo de Santiago bi puntura. Elkarren arteko aldeak oso murritzak dira. "Azkenean, goiko eta beheko aldeko diferentziak oso handiak dira, baina erdialdean nahiko berdinduta gaude guztiok ere. Beraz, pare bat partida jarraian irabazten dituenak aurrerapauso nabarmena egingo du. Eta hori da bilatu behar duguna!", azaldu du.

Etxean jokatzen dituzten neurketak izan daitezke horretarako giltza. Hori uste dute Ulacia Zasteko taldekideek eta Jokin Collantes berak ere. "Orain arte izan gara etxean asko irabaztekoak, eta kanpoan ahal genuen guztia egitekoak. Aurten, aldiz, bi baino ez ditugu irabazi. Hori da falta zaiguna, beraz, etxean asmatu beharko dugu aurrerantzean".

Urte bukaeran, Pielagos eta Becedo taldeen aurka irabazi zuten, baina urte hasieran aurkari zuzena zen Valle de Egüesen aurka galdu zuten. Aurreko astean  Mondragon Unibertsitatearen aurka partida serioa jokatu zuten, baina azken unean egin zien ihes garaipenak. Igande honetan jardunaldi berri bat izango dute etxean: Aritzbataldeko kantxan jokatuko dute, 18:30etik aurrera, goiko postuetan kokatuta dagoen Santurtziren aurka. "Zaila izango da, baina aukerak aprobetxatzen saiatuko gara".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide