Zarauzko PPk salatu du EAJren kudeaketaren ondorioz Zarautz igaro dela "Kantauriko altxor izatetik jeltzaleen etxeorratz multzo" izatera. Herriko tren estazio "historikoa" eraistearekin, herriko "ondarea suntsitzen" jarraitzen dutela diote. "Hirigintza planen ondorioz, domino fitxak diruditen nortasunik gabeko blokezko promozioekin ari da betetzen herria", dio PPk.
Popularren arabera, Zarautzen altxatzen ari diren eraikinak Bilbo, Madril edo Malagaren (Espainia) gisako hirietako auzo periferikoetan daudenen berdinak dira. "Eraikin horiek herriko gainontzeko eraikinen batez besteko altueraren bikoitza gainditzen dute, eta ez dute hirigintza ondarea ez errespetatzen, ezta mantentzen ere, prefabrikatutako fatxadekin eta teilatuen ordez dituzten estaldura lauekin". PPk dio Zarauzko hirigintza ondarearen parte direla herriko paisaia osatzen duten teilatu gorriak eta eraikinen batez besteko altuera. "Argi dago EAJk desberdindu nahi duela nor bizi daitekeen Zarautzen eta nork daukan bertan bizitzeko baimena. Nork dauzkan horretarako baliabide ekonomikoak eta nork ez, hori argi geratzen da eraikin motei erreparatuta", gaineratu du alderdiak.
Fatxada aldaketa
Popularren hitzetan, 2018an, salmenta libreko etxebizitzen fatxada berdinak zeuzkaten Salberdingo babes ofizialeko 120 etxebizitzak zozkatuek. Eraikitzen hasi zirenean, ordea, "udalak proiektua aldatzea baimendu zuen, eta prezio baxuko fatxadak egin zituzten hasierako proiektukoen ordez", salatu du PPk.
Gainera, PPren arabera, etxebizitza esleipendunei ez zieten aldaketaren berri eman. "Hau da, hirigintza txauza bat egiteaz gain, ezkutuan jardun dute", burutu du alderdi popularrak.