Presentzia handiak

IƱigo Gaiton 2022ko urt. 14a, 09:00

Iñigo Gaiton kazetariak eta GUKA gehigarriko 'Parean eta pareko' atalean Mikel Kazalis eta Xabier Lizasori egindako elkarrizketaren egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Klarinete eskolak hartzen ari nintzen batean, 6 urterekin-edo, ikasgelako atea jo zuten. Musika eskolako zuzendaria zen, eta nire orduko irakasleari, Anari, enkarguren bat eman nahi zion. Instrumentua jotzeari laga nion une batez, bi helduek haien kontuez hitz egin zezaten.

Agurtu aurretik, niri zuzendu zidan begiratua zuzendariak. Xabier Lizaso zen. "Iñigo, animatuko al haiz Gabonetako oporren aurretik emango dugun kontzertuan jotzera?”, galdegin zidan era adeitsuan. Aste gutxiren bueltan, oso urduri eta tripak lehertu beharrean, jendaurreko nire lehen emanaldia jo nuen Elizan, gainontzeko ikaskide eta gurasoen aurrean.

Hamahiru urte beranduago, 19rekin, eta orduan ere abenduan, beste mota bateko kontzertu batean bilatu nuen nire burua: Elizan beharrean, sanikolasetan Orioko moilan jartzen zuten txosnan; klarinetearekin aspertuta, eskuetan gitarra elektrikoa nuen ordurako. Arrautz Ustelak taldearekin, Anestesiaren telonero izateko aukera izan genuen. Jendetza bildu zen karpa txuriaren azpian (haien jarraitzaile sutsuak gehienak, jakina) eta, lanbro artean, nahastuta gogoratzen ditut oholtzan izandako bizipenak. Mikel Kazalisen Marshall mitikoaren aurrean jo nuen, oso urduri eta tripak lehertu beharrean orduan ere.

Azaldutako esperientzietan, biei errespetu handia zor zitzaiela iruditu zitzaidan. Lizaso herritik ezagutzen nuen, eta ordurako banekien nazioartean ibilitako pianojolea zela. Elizan organoa jotzen ere ikusi izan nuen inoiz, eta umeon begietatik erreparatuta, musika eskolako zuzendaria zela jakiteak ere ematen zion aparteko seriotasun puntu bat. Ez zen edonor.

Kazalisen kasuan, txosnetako kontzertuetan ikusi nuen zuzenean aurrenekoz, eta eszenatokiko animalia bat zen: bere itxura, gitarra jotzeko estilo indartsua, Anestesiaren soinu basatia... Publikoa erotu beharrean jarri zuten, eta nahasmen haren erdian bizitzeko jaioa zirudien berak. Gainera, ordurako asko miresten nuen Negu Gorriakekin egina zuena.

Bi musikariak parean eta pareko jartzeko aukera eman dit ofizioak orain. Berriketaldi ederra izan genuen elkarrekin, eta biek argi laga zuten: musikarekiko gaztetako pasio bera mantentzen dute oraindik ere. Partitura klasiko bat ikasten bi urtetik gora daramatzala aitortu zigun batek; Anestesiarekin oholtzara igotzeko amorratzen dagoela, besteak.

Umetan eta gaztetan iruditu zitzaidan bezalaxe, biek presentzia handiak izaten jarraitzen dute niretzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide