Eguzki talde ekologistak eskatu du Getaria eta Zumaia artean egitekoak diren pasealekuaren proiektuaren idazketan sareten ezarpena kontuan hartzeko. Oharraren arabera, azaroaren amaieran prentsaren bidez jakin zuten Estatuko Aurrekontuei egindako zuzenketei esker 150.000 euroko partida bideratuko zela Zumaia eta Getaria lotzeko oinezkoentzako pasealekuaren proiektua idaztera. Azaldu dute dagoeneko jende asko ibiltzen dela bi udalerrien artean, eta proiektu berria gauzatuz gero, "logikoki", pertsonen joan-etorria areagotuko litzatekeela.
Proiektua idazteko indarrean dagoen administrazio prozedura bete beharko dela dio Eguzkik, baita esleipenerako baldintza agiria-ere. Idazketa horretan oinezkoen pasealekuko barandaren behealdean saretak sartzea eta Baldintzen Pleguan jasotzea eskatu dute. Izan ere, talde ekologistak jakinarazi du Urola bailaran hasi zutela kanpaina hau, eta lelo honi erantzuten diola: sortu gabeko hondakina da honakinik onena, garapen jasangarria bultzatuz eta ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eraginez. Kanpaina hori zabaltzeko konpromisoari heldu diote orain.
Espainiako Gobernuko Kostaldeetako Zuzendaritza Nagusiari dagokio proiektua gauzatzea, erakunde hori arduratuko baita bi udalerrien arteko zazpi kilometroak osatzeko idazketa egingo duen enpresa esleitzeaz. Dena den, gutun bat bidali diete Zumaiako eta Getariako alkateei, Iñaki Ostolazari eta Haritz Alberdiri, udalek eskaera erakunde horri bidal diezaioten.