Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeen %23,9k lortu dute urte honetan digitalizazio maila aurreratua daukatela erakusten duen ziurtagiria. Jaurlaritzak aurkeztutako txosten baten arabera, maila hori duten ikastetxeak «birtualizatuta» daude; hau da, irakaskuntza, kudeaketa, administrazio eta komunikazio prozesu guztietan erabiltzen dituzte IKTak. Hezkuntza zentroen %55,2k, ordea, tarteko digitalizazio maila daukate oraindik, eta %20,9k, oinarrizko maila.
Baina nola hobetu dezakete teknologia berriek hezkuntza? ko Zarauzko (Gipuzkoa) Orokieta eskolako zuzendariak argi dauka gailu digitalak sartzearekin batera orain arte erabilitako metodologia ere aldatu beharra dagoela: «Gailu teknologikoak bakarrik erabiltzen baldin baditugu lehen paperean egiten genuen hori egiten jarraitzeko, ez digute ekarpenik egiten. Gauzak egiteko modua aldatu behar da». Izan ere, eskolaren digitalizazioa ez da lortzen soilik baliabide materialak jarrita: «Tresna digitalak geletan sartzeak lan egiteko modua aldatu beharko luke, eta baita ikasleei eskaintzen zaizkien irakaspen proposamenak ere. Batzuetan, egokitzapen hori ez da etorri, eta gailuek, berez, ez dute ekartzen».
Azaldu duenez, hezkuntzaren digitalizazio hori modu egokian eginez gero, ate ugari zabaldu ditzake. Besteak beste, ikasleei «beren prozesuaren jabe» izateko aukera ematen dietela azpimarratu du. Izan ere, ikaskuntza indibidualizatzen eta bakoitzari behar duena eskaintzen laguntzen du teknologiak, baita «oso gertuko ebaluazio bat» egiten ere. Gainera, ikasleen arteko desberdintasunak parekatu ditzake, Ugalderen arabera: «Ez dituzte baliabideak jartzen soilik laguntza behar dutenei bultzada bat emateko; aurretik dabiltzan talentu horiek jarraitzeko beta ere ematen dute».