Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak eta haien laguntzaileak Zarautzera bidean dira dagoeneko, eta gertu dago guztia bihar Zarauzko kaleak bisita ditzaten. Pandemiak eragindako egoera delikatua da asteotan ordea, eta arrazoi horregatik egokitu egin behar izan dute ohiko kabalkada.
Bihar arratsaldean, 18:30 aldera hasiko da Hiru Errege Magoen ibilbidea. Karroza handi batean zeharkatuko dituzte herriko kaleak, eta ez dute geldialdirik egingo. Beraz, aurten ez dute Torre Luzeako Herodesen antzezpenik egingo, ezta Lege Zaharren enparantzako kantu ekitaldia ere. Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute aurten ez dutela gozokirik banatuko.
Honako ibilbidea egingo du bihar karrozak: Vista Alegre, Hiruerreketa, Salbide, Azken Portu, Aritzbatalde, Zelai Ondo, Mitxelena, Itxasmendi, Iñurritza, Gipuzkoa kalea, Mendilauta, Nafarroa kalea, Erdigunea eta Alde Zaharra. Aurten ez dira Kale Nagusitik igaroko erregeak.
Bizarzuriren ordez, postotzia
Gaurko egunez Bizarzuri heldu ohi da Zarautzera erregeen postari lanak egitera, baina ez da etorriko aurten. Horren ordez, postontzia ipini dute Lege Zaharren enparantzan, eta herriko haurrek bertara bota ditzakete Meltxorri, Gasparri edota Baltasarri idatzitako eskutitzak.