Euskal presoen aldeko manifestazioa deitu dute larunbaterako

Aritz Mutiozabal 2022ko urtarrilaren 4a

Sarek herrietara eramango ditu Bilbon egitekoa zuen manifestazioa. Zarautzen, Munoa plazatik abiatuko da mobilizazioa, 17:00etan.

Abenduaren 30ean iragarri zuen Sarek urtarrilaren 8an Bilbon egitekoa zuen urteroko manifestazio jendetsua bertan behera uztea. Bigarren urtea da mobilizaziorik egingo ez dena, COVID-19ak eragindako egoerak hala baldintzatuta. Zentzu horretan, «sakon hausnartu ondoren» hartutako erabakia izan dela jakitera eman dute antolatzaileek. Horren partez, aldarriari eustea "garrantzitsua" iritzi diote, eta herrietara eramango dituela euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak.

Zarautzen, Munoa plazatik abiatuta egingo dute manifestazioa; larunbatean bertan izango da, 17:00etan hasita. Urola Kostako gainerako herrietan ere egingo dituzte mobilizazioak; hona hemen herriz herriko hitzorduak:


AZKOITIA; 17:00, plazan

AZPEITIA; 18:30 plazan elkarretaratzea

ERREZIL; 17:00tan goiko plazan

GETARIA; 19:00, plazan

ORIO;17.30,plazan

ZARAUTZ; 17:00etan, Munoan

ZESTOA; 18:30, plazan

ZUMAIA; 17etan Kofradian

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide