Kultur egitarau "zabala eta anitza" aurkeztu dute 2022ko lehen seihilekorako

Aritz Mutiozabal 2022ko urtarrilaren 1a

Aurkeztu dute 2022ko lehen seihileko kultur egitaraua. (Zarauzko Udala)

Guztira, askotariko 41 ekitaldi antolatu ditu udalak, eta urtarrileko nahiz otsaileko saioetarako sarrerak dagoeneko salgai daude.

Kultur egitarau oparoarekin dator urtea. Zarauzko Udalak 2022ko lehen seihileko eskaintza aurkeztu berri du, eta, guztira, kultur diziplina ezberdinetakoak 41 ekitaldi antolatu dituzte, astez aste herritarren eskura jarrita. Arte plastikoak, literatura, musika, dantza, bertsolaritza eta antzerkia... Denetariko aukera izango da. "Kultura departamentuak egitarau anitz eta zabala prestatu du, zarauztarrok kulturaren arlo guztietako ikuskizun eta ekitaldiez gozatzeko”, adierazi du Irune Urbieta Kultura zinegotziak.

Ekitaldietarako sarrerak pixkanaka jarriko dituzte salgai, eta urtarrileko nahiz otsaileko saioetakoak dagoeneko eros daitezke; bi hilabeteka jarriko dituzte eskuragarri. Ohi bezala, Modeloko leihatilan eta online plataforman lortu ahalko dira.

Uneoro, COVID-19aren ondorioz indarrean dauden neurriak errespetatuko dira ekitaldi guztietan, eta horrek aldaketak eragin litzake programazioan nahiz aforoan. Gainera, dekretuak indarrean jarraitzen duen bitartean, COVID ziurtagiri digitala eskatzen jarraituko dute ekitaldi guztietara sartzeko.

Ekitaldiz ekitaldi

Helduentzako eta familia osoarentzako antzerkiak ez dira faltako lehen seihilekoan. Lau izango dira guztira helduei zuzendutako antzezlanak, eta generoari dagokionez, antzerki soziala edo umorea egongo dira, besteak beste. (La Dramática Erranteren Altsasu, Txalo konpainiaren Lehendakarigaia, Javier Liñera y ékoma Teatroren Antonia eta kode eszenikoak eta zinematografikoak uztartzen dituen Khea Ziaterren Winona & Grace lana.

Familientzako, berriz, sei ikuskizun programatu dituzte. Berezitasunen artean, 0-3 urte bitartekoentzako Alboon Teatreren Baby Esferic eta 7Burbujas konpainiaren Burbuja doble ikuskizuna izango da; bigarren honek clown-a eta burbuilak uztartzen ditu. Bestalde, Glu Glu konpainia Perez Sagutxoa taularatuko du, Marie de Jongh-en Ikimilikiliklik, Markeliñek Ganbara eta Ene Kantak-ek Liluragarria.

Musikak ere bere tartea izango du, eta lau kontzertu izango dira uda. Hasiberriei eta esperientzia zabala duten proposamenei errepartu diete, eta arreta  berezia jarri diete zarauztarrei. Hala, Keia eta Serge, Sofa, Madelein, AMAK eta Jon Maia ariko dira zuzenean.

Bertsolaritzari lotutako ikuskizun bat ere antolatu dute, Lankuk ekoitzitako eRRe. Aldarri bat bertsoz. Bertan lau gaztek hartzen dute parte, eta horien artean  da Aner Peritz zarauztarrak. Haien lehen lana da, eta "erre ditzagun kategoriak bata bestea erre beharrean”, diote beraien proposamenarekin.

Dantzari dagokionez, bi proposamen izango dira: bata, Kukai eta Ttantaka konpainiek elkarlanean, Joseba Sarrionaindiaren poesian oinarritutako Hnuy Illa, eta, bestea, Amaia Elizaran tolosarraren Arima bakarkako lana.

Arte erakusketak ere  beraien tokia izango dute Torre Luzean eta Sanz Enea kultur etxean: Ane Ajuria, Argazki Mostra, Corrado Masacci eta Argazki Bilera. Azkenik, literaturan murgilduta, Miriam Mendozarekin Irakurketa txokoaren bost saio eskainiko dira Sanz Enean, hilabetean behin, eta literatur tertuliak aurrera jarraituko dute hiru hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide