Duela gutxi amaitu dituzte Abendaño-7 udal jabetzako pabiloia egokitzeko lanak. Orain, udalerriko zenbait elkarteren biltegiak birkokatuko dituzte pabiloi horretan, eta haien materiala jasotzen hasiko dira. Era berean, Oteiza Lizeo Politeknikoko ikasleak berriz bertaratu ahal izango dute, eraikin horretan egiten dituztelako beraien praktikak.
Joseba Zubillaga Sestorain arduratu da eraberritze lanez, 154.915 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), eta lau hilabeteko epean burutu ditu zereginak. Lehenik eta behin, estalkia konpontzeko eta iragazgaizteko lanak egin dira, eta jarraian, pabiloiaren barnealdearen zatiketa, Zarauzko talde eta elkarteentzako biltegiratze-espazioak birkokatzeko. Guztira, hamar lokal independente gaitu dira, elkarte bakoitzak erabili dezan.
Iker Basurko Ondare zinegotziak adierazi duenez, “alde batetik, Oteiza Lizeo Politeknikoko irakasle eta ikasleentzako beraien formakuntzarako baldintza hobetzea lortuko dugu, eta bestetik, udal espazioen aprobetxamendu handiagoa bilatu da, orain arte herrian zehar beste lokal batzuk erabiltzen zituzten hainbat talde hemen birkokatuko ditugulako".