COVID ziurtagiriaren aurkako mobilizazioa deitu dute ostiralerako

Aritz Mutiozabal 2021eko abenduaren 28a

Herritar batzuk COVID ziurtagiriaren aurkako elkarretaratzea deitu dute ostiralerako, abenduaren 31rako, 18:00etan, Lege Zaharren enparantzan. Horrekin batera, ondorengo idatzia helarazi dute, beraien ikuspuntua azaltzen.

"Zarauztar batzuk kezkatuta gaude azken aldian normalizatzen ari garen egoerarekin. Azken bi urteak ez dira errazak izan inorentzat, eta gutako bakoitzak ikuspuntu ezberdina du gertatzen ari denarekiko. Hori aberatsa da, eta iritzi guztiak errespetagarriak dira.

Gertatzen ari den guztiak ordea, ez du edozer justifikatzen, eta iruditzen zaigu botereak hartu dituen neurri batzuk ez direla onargarriak, esaterako, azken asteetan indarrean den COVID ziurtagiri baztertzailea.

Neurri gogor honek, inondik inora ez du intzidentzia tasarik jaitsiko, ezta izurriterik geratuko, izan ere ez du bermatzen espazio itxietan kutsatzerik egongo ez denik. Jende bat zigortzea du helburu, haien erabakitzeko eskubidearen kontra, eta hori onartezina iruditzen zaigu.

Agintariek, beren gestio txarraren emaitzak ikusirik, errua norbaiti botatzea erabaki dute, eta sorginen ehiza abiatu. Ehiza honek ordea, oinarrizko eskubide ugari murrizten ditu, eta egoera jasanezinak sortzen ditu, esate baterako, ospitaletan. Gertutik bizi izan ditugu aste honetan, inguruko jende askori haien senitarteko gaixoak ikusteko debekuak, gaixo dauden jakin gabe, inongo frogarik egin gabe, umiliatuta sentiaraziz. Gertutik bizi izan ditugu udal instalakuntzak erabiltzeko debekuak eta bizitza soziala garatzeko beste hainbat debeku ere. Eta hau ez da zuzena lagunok. Ez da normala, eta ez dezagun normalizatu.

Gu konbentzituta gaude neurri honek inori ez diola mesederik egin. Kalean giroa erabat gaiztotuta ikusten dugu, elkarren arteko haserreak ugariak dira, eta elkarbizitza gero eta zailagoa da denontzat. Guk hausnarketarako dei bat egin nahi genieke zarauztar herrikide guztiei, txertatuak eta txertatu gabeak. Zer neurri ari gara onartzen?? Zertarako?? Zeinen mesedetan??

Dei egin nahi diegu herrikide guztiei, urtezahar egunean udaletxe plazan egingo den kontzentraziora. Badakigu zuetako batzuek jende pilaketak saihestu nahi dituzuela, eta ez zaizuela jendea elkartzea egokiena iruditzen, hala bada, zuen nukleoetan arau honen inguruko eztabaida bultzatzeko gonbita luzatzen dizuegu.

Bukatzeko, agur bero bat bidali nahi genieke bi urte gogor hauetan era ezberdinetako sufrimendua pairatu duten guztiei, eta gure elkartasuna adierazi.

COVID ZIURTAGIRIARI EZ!!!"

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide