Labi bihar bilduko da urte bukaera begira neurri berriak onartzeko

Aritz Mutiozabal 2021eko abenduaren 27a

Bileran aurkeztuko diren neurri zehatzak jakinarazi ez badira ere, Presidenteen Konferentziara eramandako proposamenak izatea aurreikusten da. Hain zuzen ere, edukierak eta merkataritza nahiz ostalaritza ordutegiak murriztea.

LABI aholku batzordea bihar elkartuko da, 16:30ean, eta aurreikuspen guztien arabera, murrizketa berriak ezarriko dituzte Urtezahar eta Urteberri egunetarako. Iñigo Urkullu lehendakariak biharko deitu du bilera, baina ez du zehaztu zeintzuk izango diren aurkeztuko dituen neurri zehatzak.

Itxura batera, Urkulluk joan den astean Presidenteen Konferentziara eramandako proposamenaren ildotik joko du, eta edukierak eta merkataritza nahiz ostalaritzako ordutegiak mugatzera bideratutako neurriak izango dira hartuko direnak. Zehatzago izatera aldera, edukierak %60ra murriztea ekarri lezake, ostalaritzan zutik kontsumitzeko debekua edota gehienez ere hamar bezero mahai bakoitzeko.

Horrekin batera, ordutegien murrizketa proposatu lezake egun berezietan; hau da, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, esaterako, 21:00etan ixtea ostalaritza. Salbuespena izango litzateke abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean afariak emango dituzten jatetxeetan; horiek 23:30ean itxi beharko dute.

Proposatutako neurriak onartuz gero, asteazkenean jarri daitezke indarrean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide