Kamikaz Kolektiboko kide diren Erika Olaizola azpeitiarrak eta Amancay Gaztañaga zestoarrak eta Ttak Teatroa konpainiako Iraia Elias zarauztarrak gorpuztu dute Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana. Azaroa auzrkeztu zuten, Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketen barruan, eta hain zuzene, publikoaren saria bereganatu zuen obrak.
Orain, Zarautzera ekarriko dute ikuskizuna. Datorren ostegunean, abenduaren 30ean, Modelo aretoan ikusteko parada izango da, 20:00eta hasita. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 6 euroan, aretoko txarteldegian eta Kutxabanken atarian.
“Hiru emakume, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pasteltxoz betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa al da? Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?”. Zertzelada horien atzean dago Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obra.
Iaz Netflix plataforman entzutetsu egin zen Bridgerton telesaila izan du hirukoteak obra sortzeko inspirazio iturri.