Bizikletak garbitzeko gunea jarri dute Abendañon

Aritz Mutiozabal 2022ko urtarrilaren 3a

Leire Arana zinegotzia bizikletentzako gune berrian. (Zarauzko Udala)

Horrelako gunea baten beharra zegoela, eta horren "aldeko apustua" egin duela udalak adierazi du Leire Arana Kirol zinegotziak.

Bizikletak garbitzeko gune berria jarri du udalak Abendañoko kirolgunean, herritarren eskaerei eta beharrei erantzunez. Udal Brigadaren eta Kirol departamentuaren arteko elkarlanaren bidez egin ahal izan dira gune berriko lanak, eta guztira 2.732,9 euroko (BEZ barne) kostua du.

Zarautzen bizikletan ibiltzeko kultura eta ohitura handia dago, eta pandemiaren ondoren, zaletasuna areagotu egin dela nabarmendu du Leire Arana Kirol zinegotziak. "Inguru ederra daukagu mendiko zein errepideko bizikletan aritzeko eta horrelako gune baten beharra zegoela uste dugu. Hainbat herritarrek eskatu digute azken aldian eta Zarautzen, dudarik gabe, beharrezkoa zen eta honen aldeko apustua egin dugu", zehaztu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide