Udalak Salberdingo R9 partzela saldu dio Visesari

Aritz Mutiozabal 2021eko abenduaren 23a

Xabier Txurruka alkatea eta Visesako zuzendari orokor Carlos Quindos. (Xabier Txurruka)

Zarauzko Udalak atzo goizean saldu zion Eusko Jaurlaritzako Visesa sozietate publikoari Salberdingo R9 partzela, alokairu babestuko 86 etxebizitza eraiki ditzan bertan. 2.329.250 eurotan (1.925.000 euro eta dagokion BEZa) adostu zuten salerosketa, azaroko udalbatzarrean EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren baiezko botoekin onartu ondoren.

Xabier Txurruka alkateak eta Visesako zuzendari orokorra den Carlos Quindosek atzo sinatu zuten salerosketa-eragiketaren hitzarmena. Hala, lurzoru horretan alokairuko 86 BOE inguru eraiki ahal izango dira, garaje eta trasteleku eta guzti, eta Etxebizitza Sailaren araudiaren arabera esleituko dira.

Esleipendunek, indarrean dagoen araudian erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko baldintzak betetzeaz gain, Zarautzen erroldatuta gutxienez eta etenik gabe urtebete daramatela egiaztatu beharko dute, edo hiru urte, aldizka, azken bost
urteetan.

Gaur egun Putzuzulo gaztetxea dagoen gunea da Salberdingo R9 partzela. Udalak pabilioi bat erosi du Hegoalde eremuan, 400.000 eurotan, eta Putzuzulo elkarteari lagapenean utziko dio bertan gaztetxea birkokatu dezan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide