Atzo hil zen Jon Iturrarte Artola eskultorea, 73 urte zituela. 1948an Hernanin jaio zen, baina urte dezente zeramatzan Zarautzen bizitzen. Gainera, herriko hainbat dinamiketan parte hartu zuen artista izan zen; esaterako, 2009an Orokieta Herri Eskolako patioan hainbat marrazki jostalari egin zituen, aurretik Langako plazan egin bezala, eta Igerain parkeko frontoi txikietan ere mural bat landu zuen.
Bere eskulturgintzan oso presente egon da Jorge Oteitzarekiko miresmena, baita Malevichen itzala ere. Azpimarratzekoa da Gernikan paratuta duen Marimeta obra, edota 2013ko Gudari Eguneraren harira aurkeztutako Askatasunaren zuhaitza eskulturaren maketa.
Iturrartek aipamen bereziak egin izan dizkio herri kulturari eta kondairari. Hori horrela, bere buruari Marixular ezizena ere jarri izan zion, Mari jainkosa eta Axular izenak uztartuta.