Bazkidetzeko kanpaina abiatu du Emakumeen* Etxeak

Aritz Mutiozabal 2021eko abenduaren 23a

Urtebete egin du espazioak, eta "oso balorazio ona" egin dute erabiltzaileek. Herriko emakumeak bazkide izatera animatu nahi ditu Berdintasun sailak.

Emakumeen* Etxeak urtebeteko ibilia egin duen honetan, udaleko Berdintasun departamenduak Zatoz eta egin zaitez bazkide kanpaina abiatu du, emakume guztiek espazio hori eta bertan dauden zerbitzuetan parte har dezaten. Finean, Emakumeen* Etxearen ikusgarritasuna areagotzea du helburu kanpaina honek, eta horretarako etxearen lokalizazioa adierazten duten hainbat seinale jarri dituzte herrian zehar, bideo bat landuko dute sare sozialetarako edota informazio paneletarako kartelak kaleratuko dituzte.

2020ko urriaren amaieran inauguratu zuten Zarauzko Emakumeen* Etxea , eta Berdintasun departamenduak «oso balorazio positiboa» egin du lehen urteari buruz. Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziaren esanetan, "emakumeentzako gune bat baino askoz gehiago da; topaketarako, hausnarketarako eta berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde elkarrekin lan egiteko lekua da. Espazio hau benetan beharrezkoa da, XXI. mendean emakumeok diskriminazioa eta erasoak jasaten jarraitzen dugulako emakume izate hutsagatik, eta horrek lan espezifiko bat eskatzen du desberdintasun horiek zuzentzeko".

Emakumeen* Etxeak 232 bazkide ditu gaur-gaurkoz, eta adierazi dutenez, erabiltzaileek oso ondo baloratzen dituzte bertan eskaintzen diren zerbitzuak. Edonola ere, bazkide gehiago eduki nahiko lituzketela onartu dute Berdintasun departamentutik. Hala, interesa dutenek emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera idatzi dezakete, 943-00 51 36 telefono zenbakira deitu edo zuzenean Emakumeen* Etxera bertaratu. Bazkide guztiek posta elektronikoz jasotzen dituzte antolatzen diren jarduerei buruzko informazioa. Azaroan, esaterako, 180 emakume inguruk hartu zuten parte hainbat jardueretan edo, besterik gabe, instalazioez gozatu zuten.


Zerbitzuei buruz

Berdintasun zinegotziak Emakumeen* Etxean eskaintzen diren zerbitzuei buruzko hainbat datu nabarmendu ditu: 49 emakumek bataz beste bost saio egin dituzte aholkularitza psikologikoan; 85 emakumek aholkularitza juridikoan parte hartu dute; 32 emakumek beren jatorrizko herrialdeetan lortutako titulu akademikoak homologatu ahal izan dituzte; 36 emakume migratzaile etorri dira asteburuetan eta jaiegunetan; 76 emakume joan dira Emakumeen Jabetza Eskolako ikastaro ezberdinetara; eta Zarauzko hiru emakumeren Emakumeon aniztasuna irudikatuz margolan erakusketa ikustera 218 emakume gerturatu dira.

Era berean, gogora ekarri du martxan dagoen Emakumeen* Etxeko Mahaia, hainbat elkartek ordezkatzen duten partaidetza organoa. "Hainbat begirada eta interes, denen artean emakumeenganako diskriminazioarekin amaitzen laguntzeko eta berdintsuagoa eta justuagoa den gizarte bat lortzeko”, zehaztu du Vazquezek.

Hori horrela, "Zarauzko emakumeak bazkide egitera animatzen ditugu, parte hartzera eta informazioa lortzera. Bereziki, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak laguntza bila hurbiltzera animatzen ditugu, emakumek jasan beharko ez luketen indarkeria horrekin amaitzeko. Badakigu ez dela erraza, baina horrekin ere hautsi daiteke".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide