Zarauzko Udala 'Bikain' sailkatu dute Gizarte Zerbitzuen zerrendan

Aritz Mutiozabal 2021eko abenduaren 22a

Espainiako 37 udal zerrendatu dituzte bikaineko kategorian, eta Zarautz eta Galdakao dira Euskal Herriko bakarrak.

Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkarteak bosgarren urtez azterketa egin du, eta bertan  20.000 biztanletik gora duten udalerrietako 2020ko aurrekontuak kontuan hartuta, Gizarte Zerbitzuetara eta Kudeaketara partida gehien bideratu duten Espainiako udalak zerrendatu ditu. Azterketak lau multzotan banatu ditu udalak, eta Bikain kategorian sailkatu dute Zarauzko Udala.

Espainiako 37 udal zerrendatu dituzte bikaineko kategorian, gorenekoan, eta Euskal Herritik bi bakarrik daude: Zarautz eta Galdakao. Zarautz, gainera, sailkapeneko zortzigarren postuan kokatu dute. Izan ere, udalak 3.979.713,25 euro inbertitu zituen iaz; biztanleko 170,36 euro. Galdakaoko Udalak, berriz, biztanleko 109,58 euro.

Bestalde, 2022rako onartu duten udal aurrekontua kontuan izanda,  5.054.621,45 euroko gastua bideratuko du Zarauzko Udalak Gizarte Zerbitzuetan eta Gizarte Sustapenean; hau da, 217,47 euro biztanleko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide