Azken lau egunetan 114 positibo berri atzeman dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 20a, 13:40

Hego Euskal Herrian, berriz, 2.135 positibo zenbatu zituzten atzo, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 105 lagun daude ZIUetan, duela astebete baino hamalau gehiago. 

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko asteleheneroko txostena, eta lehengo lepotik burua. Ostegunaz geroztik, 387 positibo atzeman dituzte Urola Kostan, horietatik 114 Zarautzen. Joan den asteleheneko txostenak zekarren datua baino hobea da, orduan 31 gehiago baitziren zenbatutako kasuak Urola Kostan. Dena dela, oraindik ere oso handia da kopurua.

Zarautzen hauteman dituzte kasu gehien, lau egunean 114 hain zuzen, baina hango intzidentzia tasak apenas izan du gorabeherarik ostegunetik hona: 1.683,30ekoa zen orduan, eta 1.699,15ekoa da gaur. Azpeitian, berriz, ia 300 puntu jaitsi da, 2.660,97tik 2.385,02ra, lau egunean 74 positibo baieztatuta. Asteak zeramatzan eskualdeko tasarik altuenaren jabe —5.000 biztanletik gorako herrien artean—, baina jaitsiera horri esker, Orio kokatu da zerrendaren buruan. Kostako herri horretan, 41 positibo izan dituzte azken lau egunotan, eta 2.641,88koa da intzidentzia tasa. Aipatzekoa da, hala ere, ostegunean ere tasa horixe bera zuela. Azkoitiko tasa egonkor mantendu da: 1.418,68koa zen ostegunean eta 1.435,35koa da gaur; 32 positibo izan dituzte han. Kontrara, igoera nabarmena izan du Zumaiakoak, ia 300 puntukoa. Ostegunean 936,21ekoa zen, eta 1.200,77koa da gaur. 67 positibo izan dituzte lau egunean. 

5.000 biztanletik beherako herriei dagokienez, Zestoak ditu zenbaki kezkagarrienak. Lau egunean 33 kasu baieztatu dituzte han eta 2.593,73koa da intzidentzia tasa. Aian hamar kasu izan dituzte, Getarian bederatzi, Aizarnazabalen lau, Beizaman bi eta Errezilen bat.

ZIUetan, ehundik gora

Hego Euskal Herrian, berriz, 2.135 positibo atzeman zituzten atzo. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak jotako 324 lagun daude ospitaleratuta, duela astebete baino hamalau gutxiago. Aldiz, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) 105 lagun daude, joan den astelehenean baino hamalau gehiago. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide