Datozen bi urteotan hamahiru haur parke berrituko ditu udalak, 969.000 euroko inbertsioa eginda

Aitziber Arzallus 2021eko abenduaren 20a

Lanak lau lotetan lizitatuko ditu udalak, eta lehiaketa publikoan parte hartu nahi duten enpresek urtarrilaren 19ra arteko epea dute proposamenak aurketzeko. Sektoreko enpresen interesa piztea espero du udalak, jolas parkeetako ekipamendua berritzeko sekula udalak egin duen inbertsiorik handiena delako. 

Datozen bi urteotan, herriko hamahiru haur parke guztiz eraberritzeko intentzioa dauka udalak. Xabier Txurruka alkatearen arabera, udal aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesuan urtez urte herritarrek egiten duten eskarietako bat da hori, "eta heldu da exekutatzeko unea". Alkateak berak ere onartu du premia badagoela: "Zalantzarik gabe, lehiaketa publiko hau beharrezkoa da denboraren joanak eta erabilerak hondatutako parke asko eguneratu eta modernizatzeko".

Haur parkeak berritzen 969.000 euroko inbertsioa egingo du udalak; jolas guneetako ekipamenduan, golpe bakarrean, inoiz egin duen inbertsiorik handiena. Kopuru mamitsu hori sektoreko enpresak erakartzeko amu ona izan daitekeela uste du udalak. Hala esan du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak: "Sektoreko enpresa askoren interesa piztea espero dugu, besteak beste, enkargu oso erakargarria izan daitekeelako estatu mailan, lizitazioaren diru kopuruagatik".

Lehiaketara aurkezten diren enpresei eskatuko dietena zer den ere San Martinek zehaztu du: "Haurren irudimena, parte-hartzea eta jolas inklusiboak sustatzen dituzten gai desberdinetako diseinu integratzaileen sustapena baloratu dugu". Gainera, hamahiru parke erabat berritzeaz gain, zoladurak hobetzeko eta hala eskatzen duten beste jolas eremu batzuen mantenuan inbertitzen jarraituko dugu".

Lanak, loteka

Lizitazioaren helburua Zarauzko udalerrian hamahiru haur parke berritzeko proiektua-k barne hartzen dituen lanak kontratatzea da. Proiektua Consultora Estrategica de Servicios y Territorios (CESYT) enpresak idatzi du, eta, zehazki, 969.145,68 euroko aurrekontua du, BEZ barne. Lanak lau lotetan lizitatuko ditu udalak:

  1. lotea (210.694,65 euro, BEZ barne): Urdaneta parkea, Lapurdi kalea eta Iturrilun plaza.
  2. lotea (198.383,79 euro, BEZ barne): Aritzbatalde plaza, Donibane plaza eta Kani Berri.
  3. lotea (232.250,63 euro, BEZ barne): Santuiturri plaza, Duke Enea eta Geltoki parkea.
  4. lotea (327.816,63 euro, BEZ barne): azken kalea, Torre luzea parkea, Pagoeta parkea eta Zelai Ondo.

Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak zehaztu ditu parke bakoitza berritzeko aurreikusitako datak: "2022ko lehen seihilekoan, Aritzbatalde plaza, Santuiturri plaza, Pagoeta eta Lapurdi kaleko parkeak berrituko ditugu. 2022ko bigarren seihilekoan, Torre Luzea, Donibane plaza, Geltoki eta Iturrilun plazakoak. Azkenik, 2023an, Duke Enea, Kani Berri, Urdaneta, Azken Kalea eta Zelai Ondo parkeen txanda izango da". Kontratua esleitzeko prozedura irekia eta izapide arruntekoa izango da, eta eskaintzak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 19a izango da, eta ordua, 18:00ak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide