Udalak ia 21.000 euro inbertitu ditu Gaztelekua berritzen

Onintza Lete Arrieta 2021eko abenduaren 17a

Zati batzuetan lurra aldatu dute eta horma batzuk eta eskailerak margotu dituzte, besteak beste. EAJko Irune Urbieta Gazteria zinegotziak esan du lan horiekin bertako erabiltzaileen eta langileen erosotasuna eta ongizatea hobetu direla. 

Zarauzko Udalak berrikuntza lanak egin ditu Gaztelekuan azken hilabeteetan, eta datu zehatzak eman ditu EAJko Irune Urbieta Gazteria zinegotziak: "Isolamendu arazoak ekidin eta espazioak berritu eta txukuntzea izan da lanen helburua. Hala, bertako erabiltzaile eta langileen erosotasuna eta ongizatea hobetzeko, guztira, ia 21.000 euroko inbertsioak burutu ditugu".

Urbietak azaldu du abuztuan, udako oporrak aprobetxatuta, Gazte Informazio Bulegoko, Gaztelekuko bilera gelako eta Hezitzaileen bulegoko lurra aldatu zutela. Lan horiek Aitor Linazasorok burutu zituela jakinarazi du, eta 7.091,51 euro kostatu zirela (BEZ barne). Ondoren, JPM Proyectos S.Coop enpresak, espazio horietako hormak eta hiru solairuetako eskailerak margotu zituen. Lan horiek 4.192,65 euroko (BEZ barne) kostua izan zutela esan du. Baita Jose Angel Isasak Gaztelekuko sabaiko plakak eta hirugarren solairuko atondoko sabaiko plakak aldatu zituela eta bilera gelan pladurreko pareta jarri zuela ere, kantxako leihoak
estaliz, 2.326,54 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin.

Horrez gain, azaroan eta abenduan, hirugarren solairuko ikuskizun aretoan pladurreko horma berria jarri dute, eta zokalo zuriak. Bi egongela ere margotu dituzte. Lan horiek aurrez aipatutako hiru enpresek egin dituzte: Jose Angel Isasak (2.361,07 euro BEZ barne),
Aitor Linazasorok (169,01 euro BEZ barne) eta JPM Proyectos S.Coop-ek (3.730,67 euro BEZ barne).

Azkenik, Gaztelekuko barne seinaleak ere berritu dituzte, piktogramak txertatuz. Lan horiek Zase Berria S.L. enpresak burutu ditu, 914,76 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide