Makala: «Atzerriko baten belarriekin irudikatu dut bilduma hau»

Aritz Mutiozabal 2022ko urtarrilaren 5a

Mikel Makala, 'Katebegiak' disko-liburuarekin. (Aritz Mutiozabal)

1972-1985 Katebegiak (Elkar) disko bilduma ondu du Mikel Makalak, euskal rock progresiboko, folk psikodelikoko eta jazz rockeko taldeen abestiak berreskuratuta. Gainera, lanari «ikuspegi» propioa eman nahi izan dio.

Euskal rock progresiboa, folk psikodelikoa eta jazz-rocka. Hasiera batean, ez dirudi zure ohiko doinu erregistroak direnik. Nola sortu zen proiektu honen ideia?
Estilo aldetik batek baino gehiagok flipatu egingo du, hau ez delako nire ohiko erregistroa. Baina ongi ezagutzen nauenak badaki ez naizela estilo bakar batera mugatzen, nire abanikoa oso zabala eta anitza baita. Kasualitatez, istorio honen abiapuntuak badu zerikusia musika beltzarekin. 2006an Boom Shaka Laka irratsaioarekin hasi nintzenean, bilduma bat kaleratu nuen EITBrekin, eta Euskal Herrian egiten zen musika beltza bildu nuen, bat izan ezik: William S. Fischer. Urte hartan, biniloz osaturiko EITBko fonoteka kendu egin behar zuten, eta horien artean, besteak beste, Fischerren Akelarre Sorta Bat diskoa iritsi zen. Nola zen posible artista afroamerikar batek bitxikeria hura egitea 1972an. Diskoa jarri nuen, eta soul-funk doinuak zituen, gogoko dudan Curtis Mayfield-en ildoan. Euskal kantu herrikoiak hartu zituen hark –Bat, bi, hiru, lau, Gurea da, Euskadunak gara eta Pello Joxepe–, eta jantzi hori ipini zion. Abiapuntua hor sortu zen, eta pentsatu nuen aurrera begira eremu horretan sakondu beharko nukeela.

Bitartean ikertzen jarraitu zenuen, ezta?
Melomanoa eta binilozalea naizenez gero, arakatzen joan nintzen garai hartako disko horiek nola kotizatzen ziren bildumazaleen artean. Horretarako badago Discogs izeneko webgune bat, burtsa moduan erabiltzen dena, jakiteko zer-nolako prezioak dituzten disko horiek. Ohartu nintzen euskal musikako hainbat lan originalek –Akelarre Sorta Bat-ek edo Haizea, Izukaitz, Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne taldeenak, besteak beste– kristoren salneurriak zituztela. Hala, hasi nintzen entzuten eta deskubritzen lan haiek, baita erosten nahiz lortzen ere. Den-denak ez ditut, baina ia-ia. Hor bazegoen mamia, eta paradoxikoki musikari zein entzule askok ez dute horren berri. Beraz, saiatu behar nuen hori ezagutzera ematen.



Noiz ematen duzu pausoa?

2019ko maiatzean Madrilen (Espainia) nengoen, Iñigo Pastorren Satanasa disko dendan, eta berarekin hitz egiten bururatu zitzaidan. Kontua da Pastorrek Munster Records eta Vampisoul diskoetxeak gidatzen dituela, eta oinarrian garai eta lurralde ezberdinetako talde nahiz estiloak berreskuratzea dituela helburu beraien diskoetan eta bildumetan. Merkatu handia dago nazioartean halako birargitalpenen inguruan, originalak lortzea oso zaila eta garestia delako.  Madrilera joan nintzen aldi hartan, Vampisoulekoak rock progresiboko lan dezente kaleratzen ari zirela jabetu nintzen. Euskal Herrian bere indarra eduki zuen, baina baita Katalunian eta Andaluzian ere. Prog-rock zaleek asko estimatzen dituzte hiru lurraldetako harribitxi horiek, eta Madrilgo dendan ikusi nuen material dezente ari zirela argitaratzen. Beraz, bertako jabeari enbidoa bota nion, formula bera erabilita euskal taldeak argitaratu zitzakeela esanez. Hark erantzun zidan hori egiteko pertsona egokiena ni nintzela, eta hala zen. Proiektuan buru-belarri murgiltzea erabaki nuen pandemia garaian. Orduan hartu nuen denbora, eta sekulako indusketa lana egin nuen.

Nola egosi zenuen bilduma?
Nik hau irudikatzen nuen hasieran binilo bilduma bikoitz batean, eta  gero bururatu zitzaigun disko-liburuarena. Biniloarekin, noski, kontuan eduki behar zenuen iraupena, mugatuta zaudelako, eta abesti mota hauen berezitasuna da luzeak direla. Rock progresiboko abestiak normalean zazpi edo zortzi minutukoak izaten dira, edo batzuetan gehiagokoak. Zentzu horretan, sekulako ekuazioa egin behar nuen, eta ez zen erraza. Horretaz aparte, ez nituen talde finko batzuk eta haien ohiko abestiak aukeratu nahi. Adibidez, Itoiz taldearen lehen urteak interesatzen zitzaizkidan, eta hasierako hiru disko haietatik Ezekiel. Gainera, Juan Carlos Perezek abesten ez duen abesti bat [Ezekielen Ikasgaia] aukeratu dut, Itziar Egileorrek kantatzen duena baizik. Azken finean, inportantea zen lehen kantutik azkenera arte zentzua izatea bildumak, koherentzia bat edukitzea.

Beraz, abestien aukeraketa pertsonala izan da. Izan ere, erabat saihestu duzu Haizea, Errobi edo Itoizen abesti ezagunenak biltzea.
Hala da, bestela ez baitu inolako zentzurik nik sinatzea bilduma hau. Nire ikuspegia edo ukitua eman behar diot, bai ala bai. Alde horretatik, saiatu naiz irudikatzen unibertso musikal hau atzerriko baten belarriekin, non hitzari baino gehiago musikalitateari edo giroari eman diodan garrantzia. Hasiera batetik argi neukan proiektu hau ez zegoela eginda euskaldunentzat bakarrik, baizik eta honek nazioartean ere baduelako bere pisua.



Nazioartean badute beraien garrantzia talde hauen lanek, baina Euskal Herrian oihartzun apala dute gaur egun. Batzuentzat ezuste bat izan daiteke bilduma hau?
Horrela da, bai. Durangoko Azokan izan nintzen, eta aditu askok esan zidaten bildu ditudan artista horietatik ia denak ezagutzen dituztela izenez, baina beste gauza bat dela, adibidez, Enbor entzun ahal izatea eta zeinen ongi grabatuta zegoen edo musikalki maila handikoak ziren jakitea. Azkenean, jendeak Errobi irakurtzen du han eta hemen, baina bilduman jaso dugun abestia ez lehen diskoko abesti ezagun bat, baizik eta  hirugarren laneko hamahiru minutuko kantu [Andere] oso frikia, oso krautrock estilokoa. Beti kanpora begira gaude, eta ez gara konturatzen geurea ikertuz, geure musika ondarean ere egon direla pasadizo batzuk abesti zehatz eta jakin batzuetan, non lantzen ziren psikodelia horiek. Hori izan da nire lana.

Bildumari Katebegiak izenburua jarri diozue. Enbor taldearen diskoa bezala?
Elkar argitaletxeko Andres Kamio Jitu-ri bururatu zitzaion izenburu hori jartzea, hainbat arrazoiengatik. Bata, Enbor taldearen bigarren diskoak Katebegiak izena zuelako, eta aukeratu dudan haien Agurra II abestian ere aipatzen delako. Bestea, euskal musikagintzako bi garairen katebegi galdua delako; Ez Dok Amairuren eta Euskal Rock Erradikalaren artekoa, hain zuzen ere. Bitxia da, gainera, emakumezkoen ordezkaritza gehien izan zuen sasoia izan zela. Haizean zegoen Amaia Zubiria, Izukaitzen Odile Kruzeta eta Marisun Iturriagagoitia, Enborren Amaia Kareaga, Itziar Egileor, Gontzal Mendibilekin Karla Ardanza, Urrian Christine Martineau eta Juan Arkotxarekin bere emazte Leslie Mackenzie. Kuriosoa da, baina, sasoi galdu honetan aurreko eta ondorengo boladetan baino emakume musikari gehiago egon ziren.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide