Udalak metakrilatozko panel gardenak jarri ditu haur eskolako hondar txokoan

Mireia Galarza Bastida 2021eko abenduaren 16a

Hobekuntza honekin, eguraldi txarra egiten duenean haurrak "babestuta" egongo direla adierazi du Irune Urbieta zinegotziak. Lanek, guztira, 8.956,14 euroko kostua izan dute. 

Ikasturtea hasi aurretik instalakuntzak hobetzeko lanak egin zituzten Zarauzko haur eskolan, eta orain jarraipena eman die udalak lan horiei.

Hain zuzen, hondar txokoan metakrilatozko panel gardenak jarri dituzte, haurrak haizea edo euria egiten duen egunetan "babestuta" egon daitezen, dio Irune Urbieta zinegotziak. "Modu horretan, haurrek urte osoan gozatu ahal izango dute eremu horretaz", gaineratu du. 

Lanek, guztira, 8.956,14 euroko kostua izan dute, eta Azpeitiko Epi Kristaldegia enpresak egin ditu. Honetaz gain, Hezkuntza zinegotziak aurreratu du Gabonetako oporrak aprobetxatuko direla haur eskolako eraikin zaharrean hobekuntza lanekin jarraitzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide