Zarauzko Udalak Putzuzulo Kultur Elkarteari lagako dion pabiloia aurkeztu du Xabier Txurruka alkateak, Irune Urbieta Gazteria zinegotziarekin eta Iban San Martin Obra zinegotziarekin batera, "bertan bere jarduerarekin ahalik eta baldintza onenetan jarrai dezan". Udalak 400.000 euroan erosi du pabiloi hori, eta Hegoaldeko eremuan dago, Bizkaia kaleko 61. zenbakian –Eroskiren atzealdean, hain zuzen ere–. Guztira, 483 metro koadro ditu, eta bi solairuz osatuta dago: 159 metro kodro beheko solairuan eta 324 metro koadro lehen solairuan.
"Eskailera berriaren obrak amaitu ondoren, dena prest dago lagapena sinatzeko eta Putzuzuloko ordezkariei pabiloiko giltzak emateko”, adierazi du alkateak. Horrekin batera, "publikoki hartutako konpromisoak" bete dituela esan du, eta azken bi urte hauetan hainbat aldiz bildu dela Putzuzulo Kultur Elkarteko ordezkariekin, 2006ko martxoaren 6an Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen hitzarmenean jasotakoa betetzeko eta, horrela, "Putzuzulo elkartearentzat egokia den beste eraikin batean Gaztetxea birkokatzeko aukera emateko, Textil Guipuzcoanaren eraikina eraitsi aurretik".
Alkate den heinean, Zarautzen ere "gazteentzako gune alternatiboak sustatu behar direla" ulertzen du Txurrukak, "Europako hiri moderno askotan ezagutzen ditugunak bezalakoak". Hori horrela, azaldu du "behar izan den guztietan" Putzutzulo elkartearekin bildu dela, "beren jarduerekin, kontzertuekin, hitzaldiekin, ikastaroekin, irrati librearekin, ikasketa-aretoekin eta abarrekin jarraitu ahal izateko”.
Bestalde, alkateak gogora ekarri du udalak Visesari salduko diola Salberdingo R-9 lursaila, azken hamasei urteetan gaztetxea egon den eremua. Bertan, alokairura bideratutako 86 babesturiko etxebizitza eraikitzeko asmoa dute.