Gaztetxean ikasgela zabalduko du Danda Gazte Asanbladak

Onintza Lete Arrieta 2021eko abenduaren 10a

Igandean aurkeztuko du proiektua, 18:00etan. "Herrian dagoen espazio eta baliabideen faltari aurre egitea" da helburua.

Zarauzko Putzuzulo gaztetxeko Danda Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, gaztetxean ikasgela zabalduko du "herrian dagoen espazio eta baliabideen faltari aurre egiteko".

Mugimenduak nabarmendu nahi du gazteek elkartzeko eta antolatzeko "baliabide gabezia handia" dutela, eta pandemiaren hasieratik hona gazteen bizi baldintzetan "gainbehera" egon dela.

Esan dute arazo hori "nabarmena" dela ikasketen esparruan. "Zarautzen, 23.000 pertsona bizi diren herrian, 44 pertsonarentzat baino ez dago ikasteko lekua". Gaineratu dute iaz "kiroldegiko 50 toki kolpetik kendu" zituela udalak "pandemia aitzakia hartuta".

Egoera hori salatzeaz gain, "alternatiba eraginkorra" eskaini nahi du, eta igande honetan aurkeztuko du Dandak gaztetxeko ikasgelaren proiektua, 18:00etan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide