Zarautz Abesbatzak kontzertua emango du larunbatean Getarian, hango abesbatzaren mendeurrenaren harira

Onintza Lete Arrieta 2021eko abenduaren 10a

Salbatore Deuna Abesbatzak 100 urte bete ditu, eta kontzertu zikloa antolatu du. Larunbat honetan ondoko herrikoek eskainiko dute emanaldia parrokian, eta sarrerak eskuragarri daude Getariako Turismo Bulegoan, bost euroan. 

Zarautz Abesbatzak kontzertu berezia eskainiko du larunbat honetan, hilak 11, Getariako Salbatore parrokian. Izan ere, 100 urte bete ditu Getariako Salbatore Deuna Abesbatzak, eta horiek antolatutako kontzertu zikloaren barruan, auzokoen txanda izango da. Dagoeneko emanaldiak eskainiak dituzte Easo Abesbatzak, Eragiyok gizon abesbatzak, Andra Mari Abesbatzak eta baita etxeko abesbatzak berak ere.

Asteburu honetan zarauztarren txanda izango da, eta ondoren, zikloa itxiko du Landarbaso Abesbatzak, hilaren 18an.

Larunbateko kontzertua 20:30ean hasiko da, eta sarrerak bost euroan daude salgai Getariako Turismo Bulegoan. Dena den, Zarautz Abesbatzak esan du kontzertua hasi aurretik eliz atarian ere egongo dela sarrerak eskuratzeko aukera.

Kontzertuan pianoa, organoa eta flauta ere bai

Zarauztarrek “zoriondu” egin nahi dute Getariako abesbatza, baita “eskerrak eman” ere kontzertu ziklora gonbidatzearren. Kontzerturako kantu sakroak prestatu ditu, baita munduko polifonia eta Gabon kanta batzuek ere. Lehen zatia korutik abestuko dute, eta bigarren zatia, berriz, jendaurrean, Joxe Iturria organujolearen, Tere Laspiur piano jolearen eta Igor Gartzia flauta jolearen laguntzaz.

Bakarlari lanetan, Inaxio Goenaga eta Migel Anjel Erauskin ariko dira. Kontzertua amaitzeko, beste talde guztiek egin bezala, Gora Elkano ereserkia abestuko dute herritarrekin batera. 

Gabonetan zarauztarren emanaldi gehiago

Zarauztarrek jakinarazi dute urtea amaitu aurretik beste hiru saio eskainiko dituztela. Batetik, abenduaren 18an, Gabon kontzertua emango dute Zarautz Abesbatzako hiru taldeek –Txinpirin, Zarautz Txiki era Zarautz Abesbatzak– Zarauzko Frantziskotarren elizan, 19:30ean hasita.

Abenduaren 25ean, berriz, urtero bezala parte hartuko dute Frantziskotarretan Eguberriko mezan, 12:30ean.

Azkenik, abenduaren 26an, 19:00tan, Errenteriako Gabon kanten lehiaketaren 75. urteurreneko ospakizunean izango dira zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide