Udalak bere "indar handienarekin" gaitzetsi du herrian izandako eraso sexista

Aritz Mutiozabal 2021eko abenduaren 9a

Adierazpen instituzionala egin du herrian eta, oro har, azkenaldian eskualdean gertatu diren eraso matxisten aurka. Bihar eguerdirako elkarretaratzea deitu du udalak, Lege Zaharren enparantzan.

Gure herrian duela gutxi gertatutako eraso sexualaren aurrean, Zarauzko Udaletik adierazi nahi dugu gure indar handienarekin gaitzesten dugula eraso hori, eta gure laguntza eta gertutasuna eskaintzen diogula biktimari eta bere ingurukoei; alegia, bere eskura jarri ditugula berreskuratze eta erreparazio prozesuan laguntzeko behar duen informazioa eta udal baliabideak.

Aldi berean, Urola Kostan azkenaldian gertatu diren abusu eta eraso matxistak gaitzetsi nahi ditugu. Eta erakunde gisa, argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula inondik ere onartuko emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik.

Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima indibidualak ditu,
baina, berez, egiturazko arazo baten ondorioa da: helburua da emakumeen
gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea eta zuzenean eragiten dieten
mendekotasun eta diskriminazio egoerak mantentzea.

Eraso horiek indarkeria matxistaren ondorio larrienak eta muturrekoenak dira, eta horregatik funtsezkoa da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-balioak sustatzea.

Azkenik, herritarrak animatu nahi ditugu publikoki erakutsi dezatela emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako gaitzespen sendoena, eta horretarako egingo den elkarretaratzea joatea gonbidatu nahi ditugu, ostiralean, abenduak 10, goizeko 12:00etan udaletxe aurrean eta baita egun horretan bertan, Urola Kostako hainbat elkarte feministak deitutako arratsaldeko manifestazioan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide