Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da bihar eta, urtero bezala, data gogoangarria gerturatzen joan ahala, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Kooperazio zerbitzuak herrian eta munduan zehar laguntzen dituen elkartasun lanak ezagutzera eman ohi ditu. Joan den astean egin zuten aitortza ekitaldia udalbatzar aretoan, eta bertan bildu ziren Patxi Elola Kooperazio zinegotzi arduraduna, Julen Aranguren Immigrazio eta Kultur Aniztasuneko teknikaria eta Zarauzko Gobernuz Kanpoko Erakundeetako ordezkariak. Azken horiek, banaka-banaka, lantzen ari diren proiektuen berri eman zuten.
Zarautz «herri solidarioa» dela nabarmendu zuen Elolak, herritarrei laguntza deialdiak egiten zaizkienean «gogoz erantzuten» dutela gaineratuz. Horrekin batera, «oso herri gutxitan dago hemen daukagun Gobernuz Kanpoko Erakundeen sare indartsua eta sendoa», zehaztu nahi izan zuen Kooperazio zinegotziak agerraldian. «Udal bezala gure nahia da erakunde edo elkarte horien lana bultzatzea, eta horretarako udaleko aurrekontu osoaren %0,7a baino gehiago bideratzen dugu arlo horretara».
Aurtengo urtea, iazkoa bezalaxe, «arraroa» izan dela denentzat azpimarratu zuen Elolak, baita elkarte solidarioentzat ere. «Baina bizi dugun osasun egoera honek erakusten digu zeinen beharrezkoa den herrialdeen arteko kooperazioa eta elkartasuna, eta zer nolako eragina izan dezakeen horrek gugan».
GKE PROIEKTUAK
Euskal Fondoa
Galtzada-harrizko eraikuntzak, nasak, arekak eta irisgarritasun-arrapalak eraikitzea Somoton (Nikaragua).
Munduko Begiak
Mopti-ko (Mali) biztanle zaurgarriek begi-osasunerako eskubidea baliatzeko duten aukera hobetzea.
Tximelagua
Fisioterapia pediatrikoa Matagalpan (La Dalia, Nikaragua).
Calcuta Ondoan
Gaixotasun mentala duten eta kalean utzi dituzten emakumeak errehabilitatzeko, gizarteratzeko eta ahalduntzeko prozesuak indartzea Thiruvananthapuram-en (Kerala, India).
Bangasoou Fundazioa
Tokoyoko eskolan ikasgela berriak eraikitzea (Afrika Erdiko Errepublika).
Frantziskotarrak
Sociedad Antoniana adinekoentzako egoitza birgaitzea Belen-en (Palestina).
3. Adina 3. Mundurako
Ciudad Peroniako (Guatemala) Fe eta Alegria eskolan ura, saneamendua eta higienea bermatzea.
La Salle – Proega
D´Jamenako (Txad) Ikasketa eta Hobekuntza Zentro Teknikoko ekipoak eguneratzea egoera ahulean dauden gazteei laneratzen laguntzeko.
Activos por un mundo solidario
Aukerak Ereiten Prestakuntza Zentroa eta Etxea dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat Diriamba-n (Nikaragua).
Ori-Zautz
Mugina-ko (Rwanda) Sant Anne Kolegioko jangela-errefrektorioa eraikitzea.
ACCOES-Honduras
Que nadie se quede atras Urrutiko Hezkuntza Zentroan bigarren ikasgela eraikitzea gizarte zibilaren antolaketa indartzeko. Santa Elena, La Paz, Tegucigalpa (Honduras).
Vicenci
Giza eskubideak sustatzea indarkeriarik gabeko bizitzarako, Sacaba-n eta Cochabamba-n (Bolivia).
Beste jarduerak
Azoka Alternatibo Solidarioa, Oporrak Bakean, Sahara Gara edota Itsas Salbamendu Humanitarioaren Aita Mari erreskate ontzia bezalako proiektuak diruz laguntzen ditu udalak.