Euskararen Eguneko pegatina eta bideo lehiaketako sariak banatu dituzte

Aritz Mutiozabal 2021eko azaroaren 30a

Euskara piztu leloa daraman Lukas Prieto ikaslearen pegatina aukeratu dute aurtengo kartela egiteko.

Euskararen Egunaren barruan, Zarauzko Udalak bideo eta pegatina lehiaketa antolatu du aurten ere herriko ikastetxeekin lankidetzan. Pegatinaren atalean DBH 1 eta 2ko  ikasleek parte hartu dute, eta Antoniano Ikastetxeko Lukas Prietok eginiko lanak irabazi du. Irabazleak Euskara piztu leloa jarri dio bere irudiari, eta epaimahaikideek azpimarratu egin dute hori. Hain zuzen ere, pegatina lehiaketako lan irabazlearekin osatu dute aurten Euskararen Eguneko kartela. Bigarren eta hirugarren sariak Irene de la Maza eta Naroa Manterolarentzat izan dira, hurrenez hurren.

Bideoen atalean, DBH 3 eta 4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek hartu dute parte, eta Opari bat euskarari izan dute gaitzat. Udalaren esanetan, bideo irabazleak oso ondo irudikatu du "euskaldunok euskarari egin diezaiokegun oparirik onena egunerokoan erabiltzea eta euskarazko produktuak kontsumitzea" dela. Kasu honetan, Lizardi Institutuko Ahmed Aisa, Unax Mancisidor, Xanti Ostolaza eta Beñat Uranga ikasleek osaturiko taldea izan da garaile.

Bigarren saria, Antoniano Ikastetxeko Nagore Elorza, Erik Riveiro, Elaia García eta Gorka Sagastirentzat izan da, eta hirugarren saria, Salbatore Mitxelena Ikastolako Naiara Martinez, Ainhoa Urresti, Leire Sanchez, Nora Makazaga, Luma Ormaetxea eta Ekhi Berrarentzat. Irabazleek erosketa-txartel bana jaso dute euskarazko kultur produktuak erosteko

Euskararen Eguneko ekitaldiak

Euskararen Egunaren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu udalak egunotan; batik bat, ikastetxeetako haur eta nerabeei zuzendutakoak, hala nola, Didau Antzerki Faktoriaren antzezlana, Apaxi Ipuin Kontalaria, Baga, Biga, Higa: Euskal Musikagintzaren Historia edota Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa. Egitaraua biribiltzeko, Abenduaren 3an, Euskararen Egunean bertan, Metrokoadroka taldeak Andrezaharraren Manifestua antzezlana taularatuko du Modelo aretoan; sarrerak sei euro balio du, eta txarteldegian edo Kutxabanken sarrera plataforman eskuratu daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide