Gaur goizean jakinarazi ditu zinema akademiak Goya Sarietarako 36. edizioko izendatuak. Tartean da Alazne Ameztoi zarauztarra; soinu onenaren sarirako izendatuen artean dago Maixabel filmean egindako lanagatik, Javi Ferro eta Candela Palencia taldekideekin batera. Ameztoiez gain, Javi Agirre zarauztarrak ere parte hartu zuen filmean, argazki zuzendari lanetan, eta Zarautzen filmatu zituzten ikus-entzunezkoaren zati batzuk. Otsailaren 12an, Valentzian (Herrialde Katalanak) izango da Goya Sarien gala handia, eta orduan jakinaraziko dute nortzuk diren sari preziatuen irabazleak. Ameztoirekin batera, soinu onenaren Goya saria irabazteko hautagaien artean dira El buen patron, Madres paralelas eta Tres filmetako soinu arduradunak ere.
Irabaziko balu, ez litzateke lehen Goya Saria izango Ameztoirentzat. Izan ere, 2020an eskuratu zuen saria soinu arduradunak La trinchera infinita filmean egindako lanagatik.
Soinurik onenaren izendapenaz gain, beste hainbat sarietarako ere izendatu dute Maixabel filma; hala nola film onenaren sarirako, zuzendari onenaren sarirako, aktore protagonista onenaren sarirako, gidoi original onenaren sarirako edota musika original onenaren sarirako.