Oteitza Lizeo Politeknikoko ikasleek 'Tik tak' eskultura sortu dute, ekonomia zirkularraz kontzientziatzeko

Amaia Urbieta Arruti 2021eko azaroaren 29a

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia zirkularra modelatuz egitasmoan parte hartu dute Oteitza Lizeo Politeknikoko ikasleek. Programa horretan parte hartzeko, hareazko erloju bat irudikatzen duen Tik tak eskultura sortu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen departamentuak Ekonomia zirkularra modelatuz programa jarri du martxan, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan. Lanbide heziketako ikasleek parte hartu dute egitasmoan, birziklatutako materialekin eskulturak sortuz; tartean, Oteitza Lizeo Politeknikoko ikasleek ere sortu dute eskultura bat: Tik tak. Ikasleek azaldu dutenez, hareazko erloju bat da eskultura, baina barruan harea eduki ordez, gizakiak sortutako beste hainbat produktu dituena: plastikozko ontziak, kartoiak, beirazko botilak, jantziak... "Produktu horiek lehenengo aldiz fabrikatzen direnean bere bizi zikloa egingo dute, eta gero bota beharrean berriz ere erlojuari buelta eman eta beste erabilpen bat ematen saiatu behar dugu, hori delako ekonomia zirkularraren helburua", adierazi dute eskulturaren sortzaileek.

Egitasmoan parte hartu duten hamahiru ikastetxeetako ordezkariek ostiralean jaso zituzten diplomak eta bi milana euro Aldundian, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuaren eskutik. Berrerabilitako materiala produktu berriak egiteko erabilgarria edo lehengai izan daitekeela gazteen artean kontzientzia sortzea da egitasmoaren helburua, Asensioren arabera. Horrez gain, nabarmendu du ekonomia zirkularra dela berak gidatzen duen departamentuaren helburu estrategikoetako bat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide