Udalak bertan behera utzi du Erdi Aroko Azoka, "zuhurrena" dela argudiatuta

Aritz Mutiozabal 2021eko azaroaren 29a

Pandemiaren "bilakaera kezkagarria" dela herrian nabarmendu du Zarauzko Udaleko krisi gabineteak. Ondorioz, datorren asteburu luzerako iragarrita zegoen Erdi Aroko Azoka ez dute egingo.

Ostiral goizean udaleko krisi gabinetea batzartu zen, eta herriko azkeneko COVID-19 datuak nahiz intzidentzia tasa aztertu eta bere "bilakaera kezkagarria" ikusi ondoren, hainbat erabaki hartu ditu Zarauzko Udalak datozen egunotarako. Horien artean garrantzitsuena izan da abenduaren 3tik 8ra aurreikusita zegoen Erdi Aroko Azoka bertan behera uztea.

"Suertatu daitezkeen jende pilaketak aurreko urtetakoak bezalakoak balira eta ikusita zailtasunak daudela jendeak maskarak jantzita eramateko pilaketak dauden tokietan, uste dugu zuhurrena dela aurten bertan behera uztea", arrazoitu du Xabier Txurruka alkateak.  Gainontzeko ekitaldiak mantendu egingo dituzte, espazio itxietan izango direlako eta segurtasun distantzia nahiz maskara erabiltzea bermatu daitekeelako.

Hurrengo krisi gabinetea abenduaren 13ko eguerdian egingo dute, astelehen goizeko datuak kontuan izanda.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide