1972 eta 1985 bitartean Euskal Herrian eginiko rock progresibo, folk psikodeliko eta jazz-rock musikaren bilduma bat plazaratu du Elkar-ek, eta proiektu horretan murgilduta ibili da Mikel Unzurrunzaga Makala zarauztarra. CD-liburua eta biniloa plazaratu dituzte, eta orduko bi lan berrargitaratzeko ere baliatu dute abagunea: William S. Fischerren Akelarre sorta bat eta Amaia Zubiria eta Pascal Gaigneren Egun argi hartan.
Aurreko mendearen bigarren erdiko euskal musikaz hitz egiten denean 1960ko edota 1980ko hamarkadetako mugimenduetan jarri ohi da fokua, baina proiektu honekin tartean izan ziren belaunaldiei "omenaldi xume bat" egin nahi izan diete.
Makalak egin du kantuen hautaketa, Elkar, Xoxoa, Herri Gogoa eta IZ diskoetxetako katalogoak baliatuta. Denera, hamahiru kantu aukeratu dituzte LP bikoitzerako eta bat gehiago disko-liburuan sartzeko, azken uneko bonus-track bat gehituta —Eresbili esker berreskuratutako Juan Arkotxaren 1983ko pieza bat—. Bilduma osatzen duten abestiak, berriz, ondorengo artistenak dira: Haizea, Izukaitz, William S. Fischer, Magadalena, Enbor, Itoiz, Koska, Itziar Errobi, Lisker, Amaia Zubiria & Pascal Gaigne, Gontzal Mendibil & Taldea eta Urria.