63 positibo baieztatu dituzte Zarautzen azken hiru egunetan

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 25a, 15:04

762,41era igo da Zarauzko intzidentzia tasa, eta gainontzeko herrietan ere goranzkoa da joera. Pixkanaka-pixkanaka horren eragina ospitaleetara iristen ari da: 179 lagun daude Osakidetzaren zentroetan ospitaleratuta eta 36 lagun daude ZIUetan.

Koronabirusaren bilakaerari buruzko txostena kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzak, aste honetako bigarrena, eta datu kezkagarriak jasotzen ditu. Astelehenaz geroztik 249 positibo zenbatu dituzte Urola Kostako herrietan, eta uneotan eskualdeko 11 herriak daude eremu gorrian. Dudarik gabe, Azpeitiko egoera da okerrena. Hiru egunean 95 kasu atzeman dituzte han, eta 1.636,01ekoa da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. Pandemia hasi zenetik izan duen tasarik handienera iristear da, beraz. Justu duela urtebete jo zuen goia, 1.700eko tasa gaindituta.

Zarautzen ere egoera ez da askoz hobea. Intzidentzia tasa Azpeitikoa baino baxuagoa dute, 762,41ekoa hain zuzen, baina azken hiru egunotan 63 positibo baieztatu dituzte han. Kasu berriei dagokienean, Azkoitian eta Zumaian ere erruz ugaritu dira. Astelehenaz geroztik, 27 izan dituzte Azkoitian, eta 21 Zumaian. Herri horiek 550,78eko eta 447,75eko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. 

Orion hamabi positibo hauteman dituzte hiru egunotan, eta 570,78koa da tasa; Zestoan 11 kasu izan dituzte, eta 462,25ekoa da tasa; Getarian, bederatzi kasurekin, 1024,73koa da tasa; Aian bost positibo zenbatu dituzte eta 1712,82koa da tasa; Aizarnazabalen, lau kasurekin, 1.170,35ekoa da tasa; Errezilen bi kasu izan dituzte eta 966,18; eta Beizaman, kasu berririk atzeman ez duten arren, 806,45ekoa da tasa.

ZIUetan 36 lagun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 2.618 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan. Horrek esan nahi du ikaragarri ari dela hazten positibo berrien kopurua, joan den osteguneko txostenean 1.652 baitziren azken hiru egunetako positiboak. Soilik atzo 950 kasu atzeman zituzten. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan egoera ere okerrera doa pixkanaka-pixkanaka. Duela astebete 30 lagun zeuden Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), eta 36 dira gaur. Eta beste horrenbeste gertatzen ari da ospitaleratuta dauden herritarren kopuruarekin. Duela astebete 114 lagun ziren, eta 179 dira gaur.

150etik gorako intzidentzia tasa duten udalerriek urriaren 6ko dekretuak zehazten dituen segurtasun eta babes neurriak zorrotz bete beharko dituztela iragarri zuen asteartean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta horiek betetzen direla bermatu ezin den kasuetan, programatutako ekitaldiak bertan behera utzi beharko dituzte. Jaurlaritzak tokian tokiko udalengan utzia du egoera balioesteko eta erabakitzeko ardura.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide