Azaroaren 25a

Zarauzko Udalak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren adierazpen instituzionala egin du

Zarauzko Hitza 2021ko aza. 25a, 14:25

(Zarauzko Udala)

Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala irakurri dute gaur eguerdian udalbatzar aretoan. Bertan bildu dira udal talde guztietako ordezkariak, indarkeria matxistaren aurkako egunarekin bat eginez.

Emakumeen aurkako indarkeria larderiarako tresna indartsua da, emakumeei zuzendua, indarrean dauden genero-arauak desafiatu eta eralda ez ditzaten. Mehatxurako tresna hori zuzenean emakumeengan erabiltzen da, baina baita haien gertuko pertsona maitatuenengan ere, min handiagoa sortzeko modu gisa. Kalkuluen arabera, bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira.

Indarkeria bikarioa esaten zaio, hirugarren pertsonak baliatuz, emakumeari kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia motari, zeinak ankerkeria-maila gorena lortzen duen haien erailketarekin (seme-alabak, ama, aita, egungo bikotekidea, etab.). Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoa aplikatuz, kasu horiek ere genero-indarkeriaren parte gisa ulertzen dira, seme-alabei egindako kalteak erasotzaileek emakumeei tratu txarrak transmititzeko tresna bihurtzen diren heinean.

Azken lege-aldaketek dagoeneko jasotzen dute figura hori, biktima adingabeak babesteko neurriak sortzeari eta hedatzeari dagokionez. Hala ere, oraindik ere beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, kasu horietan seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea. Jarrera horiek adingabeen eta emakumeen birbiktimizazioan eragiten dute, haien salaketak susmopean jartzen dituzte, amak zigortzen dituzte, haien testigantza gutxiesten dute eta aitaren guraso-ahalaren eskubidea babesten dute, emakumeen eta adingabeen segurtasunaren eta indarberritzearen gainetik.

Emakumeen aurkako indarkeria beren seme-alaben bidez sistematikoki egikaritzeko modu horren aurrean, bai eta emakumeak kontrolatzeko, hertsatzeko eta kaltetzeko modu guztien aurrean ere, euskal erakundeok indarkeria horri aurre egiteko erantzukizuna dugu, kontuan hartuta ez direla gertakari isolatuak, egiturazko desberdintasun-egoera bati erantzuten diotela, eta egoera horri ikuspegi feministatik heldu behar zaiola.

Horregatik, Zarauzko Udalak honako konpromiso hauek hartu nahi ditu:

  • ● Zarauzko Udalak berresten du emakumeen eskubideekiko eta edozein indarkeria matxista desagerrarazteko konpromiso irmoa duela, baita genero-indarkeria ukatzen duen edo indarkeria hori erabat desagerrarazteko politika publikoak baztertzen dituen diskurtso ukatzaile eta posizionamendu politiko orori aurre egiteko konpromisoa ere.

  • ● Indarkeria bikarioaren errealitate hori agerian jartzen eta behar bezala artatzen laguntzea, besteak beste, Istanbulgo Hitzarmenak jasotzen dituen indarkeria-bideen biktima adingabeak koordinazio protokoloetan eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko protokoloetan txertatzea eta pro-tokolook eguneratzea.

  • ● Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku-hartze goiztiarra egiten laguntzea, udal-zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan (hezkuntza-, osasun- eta polizia-agenteak, etab.), eta emakumeek beren ardurapean dituzten adingabeekin eta kaltetutako beste pertsona batzuekin behar dituzten beharrei eta baldintzei erantzutea.

  • ● Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzea, beren eskumenen esparruan, ikuspegi feminista duen sektore arteko lanketa integral eta holistikotik.

  • ● Neurri guztien erdigunean jartzea biktimen eskubideak eta haien ahal-duntzea, eta laguntza integrala ematen laguntzea, prozedura judizialarekin duten inplikazio- edo lankidetza-maila edozein dela ere.

  • ● Toki-administrazioko langileak berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuten diharduten langileei, genero-ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia aintzat hartuz.

  • ● Lanean jarraitzea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indar-keriaren aurkako, eta, ondorioz, haien seme-alaben aurkako herri-itun bat lortzeko, herritar guztien jarrera aktiboa behar dugulako indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko.
    Herritarrei eta bereziki indarkeria matxista jasaten duten emakumeei gogorarazi nahi diegu gizarte-zerbitzuetara eta Emakumeen Etxera jo dezaketela laguntza bila, eta bertan laguntza-zerbitzuak eskaintzen dizkiegula, aholkularitza juridiko eta psikologikoa, esaterako.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu azaroaren 25ean bat egin dezaten emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela-eta beren udalerrietan deitutako mobilizazioekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide