Azaroaren 25a

Ikasle Abertzaleek indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntza komunista aldarrikatu dute

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 25a, 13:01

Elkarretaratzea egin dute goizean Ikasle Abertzaleak taldeko kideek Lizardi institutuaren kanpoaldean. Indarkeria matxistaren aurrean, antolakuntza komunista! lelo hartuta, hainbat ikasle bildu dira pankartaren atzean.

Ikasle Abertzaleek zabaldutako oharrean jakitera eman dute eraso sexistak ez dituztela "ausazko eta modu isolatuan" ulertzen. "Sistema kapitalistaren oinarritik datozen erasoak" direla diote. 

Larritasunaren aurrean, gizartean berdintasunaren aldeko jarrerak gero eta ugariagoak direla diote, eta urtetik urtera gero eta mobilizazio jendetsuagoak daudela. Testuinguru berri horrek "bestelako ondorio batzuk" izan dituela ere adierazi dute, ordea: "Politika instituzionaletan, adibidez, insituzio ezberdinek feminismoaren izenean beraien aurpegia garbitu eta etekin ekonomikoak handitzen jarraitzeko aukera ezin hobea" bilatu dutela diote.

Proposamen feministen "mugak agerikoak" direla ere badiote. "Berdintasunaren aldarriak gero eta ozenago entzuten diren honetan, indarkeria matxistaren joera gorakorra da. Nola da posible gizarteko zentzu komuna gero eta feministagoa den heinean, emakume langileon kontrako indarkeria kasuek gora egitea? Proposamen egokiak balira ez lukete emaitzarik eman beharko?" iradoki dute.

Horren aurrean, ikasle antolakundeak dio "gizarteko zapalkuntzek burgesiaren aberastasuna bermatzeko funtzio soziala" betetzen dutela, eta "instituzio burgesen feminizazioak eta politika feministek" ez dutela "soluziorik planteatzen.

Zentzu horretan, ekarpena egin nahi dute Ikasle Abertzaleek, eta egunerokoan jasan ditzaketen erasoak "identifikatu, horien arrazoia zein den aztertu eta horrelako gehiago eman ez daitezen baliabideak jarri" nahi dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide