Plazaratu berri du Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren azken lau egunetako bilakaera jasotzen duen txostena, eta horren arabera, ostegunetik atzora bitartean 195 kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kostan. Hori dela eta, gora egin du herri gehienetako intzidentzia tasak, eta guztiak daude eremu gorrian sartuta –gaur-gaurkoz, Jaurlaritzak 150eko intzidentzia tasan dauka muga ipinita–.
Aurreko asteko datuen joera berari eutsita, Azpeitian eta Zarautzen zenbatu dituzte eskualdean kasu gehien; 69 Azpeitian eta 60 Zarautzen. Hurrenez hurren, 1228,65era eta 561,10era igo dira herri horietako intzidentzia tasak –duela lau egun 1.018,40 eta 355,51koak ziren–.
Zenbakirik altuenak bi herri horietan atzeman dituzten arren, joera goranzkoa da gainontzeko herrietan ere. Hala, azken lau egunetan hemezortzi positibo berri zenbatu dituzte Azkoitian –342,15era igo da bertako tasa–, zazpi Orion –498,24ko tasa dute han–, hamabost Zumaian –244,23koa da hango tasa–, hamabi Aian, hamar Getarian, lau Zestoan eta bat Errezilen. Aizarnazabalen eta Beizaman, berriz, ez dute kasu berririk zenbatu azken egunetan.
Ospitaleratzeek gora
Igotzen ari da egunez egun atzematen dituzten positiboen kopurua –300,68 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia metatua–, eta gora egin du ospitaleratuen kopuruak ere; ez du igoera bera izan, ordea, Zanketa Intentsiboen Unitateetako okupazioak.
Osakidetzaren ardurapeko ZIUetan 31 lagun daude azken datuen arabera, eta duela lau egun 30 zeuden. Korinabirusak eragindako gaixotasunen batekin ospitaleratuta dauden pertsonak, berriz, 168 dira egun, duela lau egun baino 54 gehiago.
Ziurtagiriaren berri, gaur
EAEko Auzitegi Nagusiak gaur erabakiko du COVID-19aren ziurtagiriaren inguruko araua indarrean sartuko den edo ez. Litekeena da gaur ematea albistearen berri. Eusko Jaurlaritzak joan den astean baimena eskatu zion auzitegiari COVID ziurtagiria eskatu ahal izateko ostalaritzan eta diskoteketan, eta fiskaltza neurriaren alde agertu da.