Euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko Euskaraldia bezalako ekimenak antolatu dira azken urteotan. Aurten ez da Euskaraldirik egingo, baina, ildo horretatik jarraituz, Haurren aurrean, helduok heldu kanpaina antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak. Euskal Herri mailan egingo den esperimentu honek bi aste iraungo du, eta haurren gurasoen, zaintzaileen, senideen eta bestelako hezitzaileen arteko euskarazko praktikak sustatzea du helburu.
Datorren astelehenean hasi eta abenduaren 5era bitartean egingo duten kanpainak «umeen erreferente eta gertuko diren helduen hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea du helburu», azaldu du Euskaltzaleen Topaguneak, eta azpimarratu du «umeei zuzentzerakoan baino, bereziki eta batez ere, helduak beraien artean» hitz egiteko duten joeran oinarrituko dela kanpaina.
Zentzu horretan, kanpainaren bultzatzaileek uste dute umeen eredu diren helduen artean euskarazko portaerak bultzatuta, haurrek euskaraz hitz egitea normaltzat hartuko dutela eta hizkuntza portaera hori barneratuko dutela.
0-12 urte bitarteko umeen familia kideak, senideak eta gertuko helduak izango dira lehentasunezko xede taldea. Helduak esatean, 16 urtetik gorako herritarrei buruz ari direla ere gaineratu dute kanpainaren antolatzaileek. Egitasmo honekin nahi dutena honakoa da: «Helduen hizkuntza portaerek umeengan duten eraginari sakontasun gehiagorekin erreparatzea da asmoa. Izan ere, familia da sozializatzeko lehen taldea eta hori da, gerora, familiaz kanpoko harremanetarako umeen oinarria».
Zarauzko Euskaltzaleen Topaguneak ere bat egin du ekimenarekin, eta ikastetxeekin eta aisialdiko taldeekin harremanetan daude lanketa egiteko. Ariketa egiteko askotariko hezitzaileengana zuzendu dira, eta iradoki diete pentsatzeko norekin alda ditzaketen hizkuntza ohiturak, gero espazio horietan ariketaren berri eman eta jarraitzea proposatzeko.