Udazkenean ez dira bakarrik perretxikoak irteten zelai, baso eta landetan; udazken honetan, esaterako, hitz bat azaleratu zaigu ustekabean: estanflazioa. Ekonomia gelditu (estankatu) eta inflazioa handitu egiten denean sortzen omen da delako estanflazio hori, eta oso txarra omen da, ekonomistek diotenez (baina nola egin beste era batean ekonomia hazi ordez txikiagotzea ezinbestekoa bada klimaren krisialdia konpontzeko?).
Baina goazen mamira ekonomiaren eta klimaren ogi-papurretan ibili gabe. Perretxikoak lur ezkoan sortzen diren legez, hizkuntza osasuntsuan hitz berriak sor daitezke, eta nik bat sortu nahiko nuke: mekanokrazia (Interneten ageri ez denez, berria dela esatera ausartzen naiz); horrelaxe definituta:
mekanokrazia. iz. Erabakizuna, harremanak edo bitartekotza makina-talde baten eskuetan dagoen gizartea antolatzeko edo gobernatzeko era.
Honezkero esan du norbaitek: «Hori da konspiranoia!», baina, nik uste, badirela arrazoiak pentsatzeko zuzen-zuzenean mekanokrazia batera goazela buruz aurrera; eta hona hemen adibide batzuk hori argitzeko.
Duela urte batzuk autobidearen sarreran bidaia-saria ordaintzen genion sarrera-atean zegoen pertsonari. Askotan aspertuta edo lo faltan, ez zen hitz egiten jarduteko berriketakiderik egokiena, baina gaur egun automobilean daramagun makinatxoaren piii hori baino zerbait gehiago zen.
Jo dezagun festa ondoren bat dela (hasiak baitira pandemia ondorengo ospakizunak) eta kaleak garbitu behar direla. Motoerratza pasatuko dute goizean eta akabo kontuak. Egia da makinaren barruan han doala gidaria, baina azkenerako, garbitasunaren neurria emango duena makinaren ahalmena da; ez da atzetik betiko kale-garbitzailerik pasatuko zigarrokinak, tabernako paperezko zapitxoak edo edanak gaizki egin dion norbaiten gonbitoak behar bezain txukun geratu diren begiratzera.
Duela zenbat denbora sinetsarazi ziguten banku eta aurrezki-kutxekin egin beharreko eginkizun guztiak askoz errazago izango genituela online eginez gero. Ondoren, ari zaizkigu esanez gure sakelakoak erabiltzen hasteko azkar, eroso eta ondo egiteko ordainketak, bizum batean. Ez dut ukatuko badituela modu horrek hainbat aurrerapen, baina makinen tirania hor dugu: geuk egin behar ditugu lehen leihatilakoak egiten zituenak, eta haiengana (leihoetara) joaten bazara esango dizute: «Nahi baduzu nik egingo dizut, baina ordaindu egin beharko duzu…».
Gasolina ere geuk jartzen diogu automobilari, erosoa omen zaigulako, eta makinak dioena ordaindu lau-sei hornitze-punparen ardura duenari.
Geuk gerok baino hobeto daki zertan jorratu ditugun sosak eta hilabetean zehar zer jan dugun dendaundi horietako kutxa erregistratzaile batek (ongi jarritako izena, beraz). Eta autobideko kontuak non ibili garen esan diezaioke inori. Esaterako, gaur bertan esan dit Google mapseko ohar batek non ibili naizen aurreko hilabete horretan.
Hainbeste adibide jar litezke agertuz nola lehen gureak ziren hainbat eremu makinen eskuetan uzten joan garen!
Gero eta gehiagotan telefonoaren beste aldean grabazio hutsak entzuten ditugu «honako hau nahi baduzu, sakatu bat; horrako hori nahi baduzu, sakatu bi; halako hura nahi baduzu…».
Aldiz, niri jendearekin aurrez aurre aritzea gustatzen zait, sendagileari «hemen» dudala mina kontatzea, hatz batekin adieraziz non den «hemen» (ai, pandemiak ekarri dizkigun albo-kalteak!), eta «kontu egizu nire diruez baliatuz ateratzen duzula zure soldata» esatea makinaren antzerakoak bilakatzen ari diren bankariei. Pertsonatik pertsonarako harreman ia alferrikako hori pizturik dagoela sumatzea atsegin zait, zer nahi duzue esatea.
Zaharron edo zaharkituon kontuak izango dira, agian, baina erreparatu inguruetara eta konturatuko zarete mekanokraziaren tirania sartzen ari zaigula bazter guztietatik.
Eta amaitzeko, artikulu hau gustatu bazaizu eman like; txorakeria bat iruditu bazaizu, sakatu bat; iraingarria iruditu bazaizu, sakatu bi… Oso urruti ez dela hor izango duzu horretarako makinaren bat…