Berdintasun diagnostikoa osatzeko herritarren iritziak jasoko ditu udalak

Amaia Urbieta Arruti 2021eko azaroaren 14a

"Zarauzko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko egoera" ezagutzeko bi saio egingo dituzte: azaroaren 16an euskaraz, eta 23an gaztelaniaz. 'Online' edo udal bulegoetan topa daitekeen inprimakia beteta ere egin daiteke ekarpena.

Emakume eta Gizonen IV. Parekidetasun Planari ekingo dio Zarauzko Udalak 2022. urtean, baina horretan hasi aurretik, ezinbestekotzat jo du “Zarauzko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko egoera ezagutzea”. Diagnostiko hori osatzeko herritarrekin kontaktuan jarriko da udala eta beraien iritziak, ekarpenak eta iradokizunak jasoko dituzte, hurrengo urtean abiatuko den planean kontuan hartzeko, eta neurri eta jarduerak herritarren beharretara egokitzeko.

Bi saio ireki egingo dira hurrengo astean, herritarrak bertaratu eta beren iritzia eman dezaten. Saioak Etxezabalako beheko solairuko aretoan izango dira. Lehena euskaraz, azaroaren 16an, eta bigarrena gaztelaniaz, azaroaren 23an. Bi saioak 18:30etik 20:00etara izango dira.

Hitzorduetara bertaratu ezin baina ekarpena egin nahi duten herritarrek Parekidetasun departamenduak prestatu duen galdetegia bete dezakete. Sarean bete daiteke galdetegia, Parekidetasun departamenduaren blogean. Eskuz betetzeko aukera ere badago, inprimakia udal eraikinetan jasota: kiroldegian, liburutegian, gaztelekuan, euskaltegian eta Herritarren Arreta Zerbitzuan.

“Oraindik ere emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lan handia egin beharra dago: lan baldintzak, indarkeria matxista, lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak, genero estereotipo tradizionalen iraupena, eta abar. Egoera hau hobetzeko, beharrezkoa da guztion inplikazioa, gizonena zein emakumeena”, adierazi du udalak ohar bidez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide