ZarautzOn elkartearen ekimenez, Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldiaren edizio berri bat izango da datorren asteartean (azaroak 16), 19:00etan, Modelo aretoan. Ohi bezala, zientzia arloko herriko gazteek hartuko dute parte egitasmoan, eta jorratzen duten esparruaz hitz egiteaz gain, beraien ikerketa proiektuak aurkeztuko dituzte.
Ondorengo lau hauek dira aurtengo gonbidatuak: Lore Zumeta matematikaria, eta bere proiektuaren ardatza da estatistika kirolaren alorrean aplikatzea, zehazki, kirol-lesioak aurreikusteko datu konplexuak aztertzea; Fermin Alvarez geologoa, eta Irlandako plataforman Atlantikoko aldakortasunaren behaketaren inguruan garatzen ari da bere proiektua; Josua Garcia-Herraz itsas zoologoa da, eta Zarautz-Orio kostaldeko eremu honen historiarekin hain lotuta dauden baleetan oinarritutako ikerketa proiektua aurkeztuko du; eta Eneko Azkue Arkamurkako kideak, bere aldetik,Oteiza Lizeoan hegaztien migrazioa eta inkubazioa monitorizatzeko instalatu nahi duen adimendun habiaz ariko da.
Bestalde, gonbidatu berezi gisa Sherpa Bizkaiko adimen artifizialeko enpresaren sortzaile eta CEO Xabier Uribe-Etxebarria izango da.