"Ama, zer da nork bere buruaz beste egitea?", “ama, euria ura da, ezta?”, “ama, hormako orban horrek Jupiterren antza daukala?"... Dena jakin nahi du ume batek, dena arakatu, aurkitu, probatu. Urteen joanarekin, itzaltzera egiten du gauza berriekiko grina eta lilura horrek, baina ez beti. Hor daude nerabezarora iritsi, helduarora pasatu, guraso bihurtu, eta umetako jakin-min horri eusten diotenak. Zientzialariak deitzen diegu.
Institutuko laboratorio xume baten erdian aritu dira horietako bi COVID-19az, txertoez, oinarrizko zientziaz, Italiaren eta Euskal Herriaren arteko antzekotasunez, Perseverance Marterantz joaten ikustean sentitutako zirraraz, filosofoen haserreaz, atomoez eta buruko gaitzez, Silicon Valley-z eta Standford-ez, klima larrialdiaren aurrean belaunaldi honek duen arduraz nahiz hiltzean ikusi ezingo ditugun mila gauza zoragarriez.
Ana Galarragak eta Gorka Azkunek akaso ez dute iritzi bera izango politikaz; musika ona eta txarra sailkatzeko irizpide berak ez dituzte edukiko; baliteke eskola ereduaz edo umeak hezteko moduaz ere beren aldeak edukitzea. Ordea, bat datoz, eta garbi dute, zer den garrantzitsua zientzian eta zeintzuk diren zientziak dituen erronkak: oinarrizko zientzian inbertitu behar da, hau da, ezagutzan, gero, gutxien espero denean, etorriko delako aplikazioa –adibide argigarri eta garrantzitsuekin azaldu dute hau guztia elkarrizketan–, eta klima larrialdiari adarretatik eustea da orain bertan erronka garrantzitsuenetakoa.
Elkarrizketa batek hasiera eta bukaera bat behar ditu, baina aitortuko dut zaila dela horrenbeste datu eta informazio interesgarri duten pertsonei isiltzeko, amaitzeko eskatzea, noiz eta norberak hain gutxi dakienean unibertso zabal horretaz. Aitorpenak egiteko eskatu diet elkarrizketan, eta neuk ere egingo dut bat: ez dakit denboran atzera egiterik izango banu egingo nukeen, ez dakit institutu garaian fisikako eskoletan gelako azkarrenari dena kopiatu beharrean neure kabuz ikasiko nukeen. Baina berriz jaioko banintz, eta aukeratzerik banu, uste dut zientzialari izatea nahiko nukeela.
Beren arloan dituzten arazo, borroka eta prekarietate kontu guztiekin, baina sekulakoa iruditzen zait goizero gauza berriak ezagutzeko grinarekin jaikitzea eta lanaz hitz egitean halako energia eta pasioa azaltzea.
Askoz gehiago ezingo zaio eskatu bizitzari, ala?