Zaplastekoak irribarre

Ihintza Elustondo 2021ko api. 20a, 18:29

Honako hau Ihintza Elustondo kazetariak Guka gehigarriaren apirileko zenbakiko Parean eta pareko elkarrizketaren harira idatzitako iritzi artikulua da.

Lerro zuzen bat bailitzan planifikatzen dugu bizitza, hark guretzako beste plan batzuk dituela jakin gabe. Eta kolpeak etorri ohi dira, belarriaren on- doan epel-epel jasotzen ditugun zaplastekoak, gorputz guztia dardarka jartzen digutenak. Ez aurrera, ez atzera uzten gaituztenak, hurrengo pausoa nora eman ez dakigula. Galduta.

Zer izango ote da egun batean ohetik jaikitzen hasi eta hanka bat falta zaizula ohartzea? Zer ote da egun batean esnatu eta sekula gehiago ez duzula ikusiko konturatzea? Bizitzak eman dakiguken belarrondokorik bortitzena imajinatzen hasita ere, ez zaizkit bi horiek baino egoera lazgarriago asko burura etortzen.

Beti pentsatu izan dut krisi garaietan, zaplasteko horiek jasotzean izan ohi dugun jarrerak erakusten duela nolakoa den pertsona. Batzuk betirako behean gelditzen dira, burua altxatu ezinda; beste batzuek, berriz, gorako bidea hartzen dute berehala. Eta bizitza lau egun dira, norberak erabakitzen du zein den bere lekua: goia ala behea. Eta, noski, goranzko bidean negar egitea zilegi da, negar ere egin behar da.

Zenbat gau, zenbat egun, zenbat denbora behar da milaka zatitan apurtutakoan, puskatutako zati horiek guztiak banaka-banaka bildu eta berriz ere lehengo puzzlea eraikitzeko? Posible ote da berriro lehengoa izatea horrelako zaplasteko baten ostean?

Eta zenbat kexa, zenbat purrustada egin ohi dugun alfer-alferrik, bizitzak egun batetik bestera ihes egiten duela jabetu gabe. Zuek, bien bitartean, barneratu duzue ikasketarik handiena: gorrotoan, amorruan, izan zitekeen horretan giltzaperatzea alferrikakoa da, aurrera egin eta unean unekoaz gozatu behar da. Eta pausoz pauso, bata laguntzailearekin eta bestea makuluekin, bazoazte bizitzaren ibilbidean aurrera, burua gora altxatuta.

Itsasoak badu zerbait, biok txunditzen zaituztena, guztiok aho zabalik uzten gaituena. Ziur aski, haren bizitasuna da miresten duguna, ekaitzaren ostean barea etorriko dela sentiarazten diguna. Hondartzara ahul, suabe iristen den ur apur hori ere geroxeago olatu bilakatuko da, egingo du gora, harro altxatuko da. Argi dago: behea jotzen duenak indartsuago egiten du gora. Olatu zarete zuek, inguruotako ur jasarik ahaltsuena.

Kazetari baten lehen irakasgaia izan ohi da iritzirik ez dela eman behar, ez dugula gure posizionamendua azaldu behar, neutralak izan behar dugula. Eta barkatuko didazue, baina uste dut batzuetan gauza batzuk esan egin behar direla, merezi duela. Ibon eta Aitor, eredu zarete benetan, ea munduak zuen bidea jarraitzen duen, eta datorrena datorrela, behea jo arren, gora egiteko erabakia hartzen duen. Saiatzen denak agian ez du irabaziko borroka, baina saiatzen ez denak argi dago galdu duela. Zaplastekoak irribarre bihurtzen jakin duzuelako, nire miresmen osoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide