Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak deitu ditu datorren larunbaterako Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, Pentsio publiko duin eta nahikoak. Ez murrizketarik, ez pribatizazioarik lelopean, Kongresuan izapidetzen ari diren erreformaren aurka. Zarauzko Jubilatu eta Pentsionisten Mugimenduak bertaratzeko deia egin du.
"Gobernuak aurkeztutako lege-proiektuak helburu bakarra du: 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen murrizketei eustea eta Escriva ministroaren proiektuan aurrera egitea, lan gehiago egitea eta pentsio gutxiago kobratzea. Pentsio-sistema publikoa iraupeneko laguntza-sistema bihurtu nahi da, pentsio-plan pribatuak sustatzeko", azaldu dute.
Hego Euskal Herriko erakundeei eskatu diete beharrezkoak diren erabakiak har ditzaten izapidetzen ari den lege-proiektua "bertan behera" gera dadin. Era berean, argi utzi dute ez dutela onartuko 2011ko eta 2013ko murrizketak lehengoratzen ez dituen erreformarik; hau da, gutxieneko pentsioa batez besteko soldataren %60ko Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin berdindu arte.
Horrekin batera, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dute; pentsioen urteko errebalorizazioa, gutxienez ere bizitzaren kostuaren igoeraren arabera; 40 urte kotizatzerakoan erretiroa aurreratzea dira; eta genero arrakala desagerraraztea.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten sindikatu eta kolektiboen (ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde, Bilgune Feminista, Ernai...) eta CNT eta CGTren babesa jaso du larunbateko mobilizazioak. Donostian 12:00etan abiatuko da manifestazioa Alderdi Ederretik.