Hainbat hitzaldi antolatu ditu Kontseilu Sozialistak datozen asteetarako

Amaia Urbieta Arruti 2021eko azaroaren 9a

Ostiral honetan, azaroaren 12an, eta abenduaren 10ean izango dira hitzaldiak Zarautzen. "Langileriaren babesgabetasun ekonomikoa zein politikoa eta horri aurre egiteko borroka eta antolaketa formak" izango dituzte hizpide.

Gizarte eredu komunistaranzko pausoak emateko xedearekin sortu ziren Kontseilu Sozialistak, eta urte honen hasieran aurkeztu zuten Urola Kostakoa. Bizi esparru guztietan "langileriak lanabes politiko propioak sortzeko" eta haien "kontrako oldarraldiari aurre egiteko" lanean dihardute.

Jardun horren barruan, "langileriaren babesgabetasun ekonomikoaz zein politikoaz" hausnartzeko eta "horri aurre egiteko borroka eta antolaketa formez" aritzeko asmoz, hainbat hitzaldi antolatu ditu Urola Kostako Kontseilu Sozialistak datozen asteetarako, Zarautzen zein Zumaian. Langile antolakuntzaz, babesgabetasunari aurre egin izenburupean antolatu dituzte jardunaldiak.

Ostiral honetan, azaroaren 12an, izango da lehen hitzaldia Zarauzko Gaztelekuan, 18:00etan. Ohiko sindikalgintza eta autodefentsa laborala izango dituzte hizpide eta, ondoren, luntx girotua egongo dela iragarri dute. Zarauzko bigarren hitzordua abenduaren 10ean jarri dute, Borroka ekonomikoen zentzu politikoaz hausnartzeko. Hitzaldi hori Putzuzulo gaztetxean izango da, 18:00etan. Ondoren, luntxa eta ikuskizuna izango dira.

Zumaian ere bai

Hitzaldi sorta beraren barruan, abenduaren 17an Zumaian izango da beste saio bat. Grebaren bilakaera eta ikuskera langile mugimenduaren historian izenburupean, film labur bat proiektatuko dute eta ondoren hitzaldia izango da. 18:00etan elkartuko dira Hogarrean, eta luntxa egongo da ondoren.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide