Europara iristeko ahaleginetan Mediterraneo itsasoan noraezean geratzen diren pertsonei laguntzeko premiari erantzuteko sortu zen Zarautzen Salvamento Maritimo Humanitario elkartea. "Hitzetatik ekintzetara abiatzeko asmoz antolatu ziren", nabarmendu du Patxi Elola Kooperazio zinegotziak. Harrezkero, makina bat lan egin dute pertsonen bizitzak salbatzen laguntzeko, eta jardun horretan, oihartzun handia edukitzen ari da Aita Mari erreskate ontzia.
Hain justu ere, erreskate lanekin jarraitu ahal izateko, Zarauzko Udaleko Garapenerako Lankidetza arloak 10.000 euroko laguntza eman dio aurten Salvamento Maritimo Humanitariori. "Ezinbestekoa da Aita Marik Mediterraneoan jarraitzea, bizitzak jokoan baitaude", nabarmendu du Elolak. Zentzu horretan, "harro sentitzen gara elkarteak egiten duen lanarekin, eta poz handia jasotzen dugu zarauztarren dirua bizitzak salbatzeko bideratzen dela jakiteak".
Udalak hasieratik babestu du elkartearen jarduna, eta zinegotziak azpimarra berezia egin du horretan. Aurtengo dirulaguntzaz gain, aurreko hiru urteetan –2018, 2019 eta 2020an– 44.000 euro eman dizkiete laguntza gisa. Era berean, datorren urterako aurreikusten dute elkarlanean jarraitzea.
Seigarren misioa
Salvamento Maritimo Humanitario elkarteko kide Andoni Ibarguren eta Nerea Machado eskertuta agertu dira. Azaldu dutenez, Aita Mariren aurtengo seigarren misioa egin ahal izateko erregaia erosteko erabili dute Zarauzko Udaleko laguntza ekonomikoa; 10.000 eurok itsasontziko depositua betetzeko ematen du, nolabait ere.
"Beharrezkoa da guztiz erreskate ontziak bertan egotea, ez bakarrik pertsonak erreskatatzeko. Izan ere, guri dagokigu erakustea Mediterraneo itsasoan gertatzen diren sarraskiak, eta gizarteari horren berri ematea. Benetan zer errealitate dagoen han azaltzea", zehaztu du Machadok.
Seigarren misioa hilabete pasatxo egon da geldirik, administrazio kontuak medio, eta azkenean urria hasieran jarri zen martxan. Baimenak lortuta, epe laburrean aritu zen, eta tartea horretan 105 egiptoar erreskatatu zituzten, guztiak gizonezkoak eta asko adin txikikoak. "Ehun bizi salbatuta, baina hori itsasoko lana da. Orain, haiek lurreko oztopo eta trabak izango dituzte", dio elkarteko kideak. Behin lurreratutakoan Gurutze Gorria edota Italiako beste elkarteren bat arduratzen da haietaz.
Une honetan, Aita Mari itsasontzia Castelloko (Valentzia, Herrialde Katalanak) Burriana portuan atrakatu dute. Bertan konponketak egingo dituzte, eta tripulazioak oporrak hartuko ditu.