Beltxarga eta ahate berriak daude Ahateen parkean

Amaia Urbieta Arruti 2021eko azaroaren 8a

Udan ekarritako zisne txuria Igeldoko Arranoetxean dago lepoa osatzen, eta haren tokia hartuko du ekarri berri duten beltxargak.

Lau ahate eta beltxarga bat gehiago egongo dira aurrerantzean Zeleta Berri parkean, askok Ahateen parkea deitzen diotenean. Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, lau ahateetako bi Mandarin ahateak dira, lumaje koloretsukoak, eta beste biak, Carolina arrazakoak.

Udalak prentsa ohar bidez azaldu du iragan den udan ekarritako zisne txuria Igeldoko Arranoetxean dagoela lepoa osatzen, eta haren tokia hartuko duela ekarri berri duten beltxarga beltzak. "Ahateen parke hau, zarauztar denok deitzen diogun bezala nahiz eta hori ez den bere izen ofiziala, balio emozional handiko gunea da herritarrentzat. Zarauzko haurrek beraien lekurik kutunenetako bat bezala aukeratu zuten duela urte batzuk egindako lanketan" adierazi du Iban San Martin Zerbitzu eta Azpiegituren zinegotziak. Gaineratu du Turismo Bulegoak "herriko erreferentziazko puntu bezala" kokatu duela Ahateen parkea Familia Turismoaren ibilbidean, Marco Topo ekimenaren barruan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide