Santa Klara komentuaren eta inguruko lurren erosketa kontratua sinatu berri du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak Maria Jesus Odriozola Bidaurretako Hirutasun Guztiz Santuaren monasterioko klaratarren Ama Abadesarekin. Guztira, 5.129.422,98 eurokoa da hitzarmena, eta udalak lau urtetan ordainduko du, aurten hasi eta 2024a bitartean; urtean 1.282.355,75 euro bideratuko du horretara.
Herriarentzat albiste “oso ona” dela nabamendu du alkateak: “Alde batetik, komentua osatzen duen eraikin-multzoak zarauztarren onurarako erabilera publikoa izango duelako etorkizunean, eta bestetik, komentua inguratzen duten lurrak Salberdin, Azken Portu eta Santa Klara kaleko urbanizazioetako espazio libreetara batuz, Zarauzko erdigunean birika berde paregabea osatuko duelako”.
Jada salerosketa formalizatuta, komentua osatzen duten gunearen eta eraikinaren egoerari buruzko “azterketa sakona egitea” da udalaren hurrengo pausoa, Txurrukak aurreratu duenez. Ondoren, eraikin-multzoaren etorkizuneko erabileren inguruko parte hartze prozesua jarriko dute abian.
Edonola ere, udalak bisita gidatuak antolatzeko asmoak ditu jada datorren urterako. Alkateak zehaztu du, gisa horretan, zarauztarrek bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dutela “Zarauzko historiaren zati garrantzitsu bat den eraikin-multzo hau”.
Maria Jesus Odriozola Ama Abadesa pozik agertu da udalarekin sinatutako akordioarekin. Hain zuzen ere, bere esanetan, “Zarauzko Ahizpen hasierako nahia bete da; hau da, monasterioa Zarauzko herriarentzat eta zarauztarren erabilera publikorako izatea”.