Urte eta erdiko geldialdiaren ondoren, Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketa bueltan da. Sekulako ilusioarekin agertu dira antolatzaileak: hutsartearen ondotik jendeak gogoa erakutsi duelako, baina batez ere inskripzioek agerian utzi dutelako plaieroak osasuntsu daudela. Izan ere, aspaldiko parte hartze handienarekin abiatuko dute igande honetan 77. edizioa. Emakumezkoetan, zortzi taldek eman dute izena, eta gizonezkoetan, berriz, hogeik.
Parte hartze handiak –gizonezkoen mailan, batik bat– eta hilabete bateko atzerapenak txapelketaren funtzionamendua zertxobait aldatu du aurreko denboraldietatik hona. Beraz, bi multzotan banatu behar izan dituzte gizonezkoak, egutegiak ez duelako ligaxka bat jokatzeko aukera ematen. Joan den larunbateko bilkuran egin zuten talde banaketa, zozketa bidez. Emakumezkoen kasuan, aldiz, ez da aldaketarik izango: orain artean bezala, liga jokatuko dute.
Behin liga amaituta, sailkapenaren erdira artekoak Ligako ligaxkarako sailkatuko dira, eta gainerakoak, berriz, Kopako ligaxkarako. Dinamika horren barruan hiru jardunaldi jokatuko dituzte, eta, gero, finalerdiak eta finalak.
Gizonezkoen kasuan, ordea, kanporaketa moduan jokatuko lirateke multzokako ligaxkak jokatu ondorengo Ligako eta Kopako txapelketak. Ligaxketako lehen lau sailkatuak Ligako gurutzaketetan sartuko dira, eta gainerakoak Kopakoan.
Txapelketa asteburu honetan hasiko dute, eta azken txanpako norgehiagokekin martxoan hasiko dira; final-laurdenak apirilaren 3an jokatuko dituzte, eta finalerdiak maiatzaren 1ean. Finaleko jardunaldi nagusia maiatzaren 14-15eko asteburuan izango da.
Neurri berria
Epaileen eskari bati erantzunez, plaieroetako antolakuntzak berrikuntza esanguratsu bat txertatu du aurten araudian: txartel beltza. Neurri berri hau igandetik aurrera jarriko da indarrean, eta ondorengo kasuetan aterako zaio jokalariari: epaileari errespetu falta erakusteagatik edo irainak egiteagatik.
Halakoetan, jokalaria beste taldekide batengatik ordezkatua izango da, eta ezingo du berriro joko eremura sartu partidan zehar. Gainera, zigor moduan, partida bat epaitu beharko du, eta hori egin ezean, ezingo du berriz jokatu. Jokalari batek bi txartel beltz ikusten baditu, txapelketatik kanporatua izango da.
Taldeak ere zigorra jaso dezake bere jokalariek jarrera desegokia erakusten badute. Alegia, talde bateko kideek hiru txartel ikusten badituzte, bost puntu kenduko zaizkie. Lau txartel ikusten badituzte, berriz, txapelketatik kanporatuko dute taldea.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «txartel beltzaren helburua ez da zigorrak sustatzea, epaileekiko errespetua indartzea baizik. Oraintxe bertan hau gertatzeko ez dugu beste biderik ikusten, ordea. Gure nahia da txapelketa osoan txartel beltzik ez ateratzea».
Bestalde, txapelketaren parte diren jokalari, epaile, zaletu eta antolatzaileen segurtasuna bermatze aldera, indarrean dauden neurriak beteko dituzte. Horrez gain, COVID-19 protokolo bat ere zehaztu dute.